GARA > Idatzia > Gutunak

Erruki Ezkurra Mariezkurrena eta Mikel Luloaga Aranburu Bai Euskal Herriari herri ekimena

Jai egun inposatuei ez

Badirudi una, grande y libre! oihukatzen zuten haiek berriro ere tripako minez lehertzear daudela. Bestela, nola ulertu gaurko eguna dela-eta antzezten ari diren burugabekeriak?

Urriaren 12ak usain nazkagarria du. Hispanitatearen Eguna deitzen dioten horiek horrelako izena jarri diote genozidioaren eguna dela estaltzeko, Latinoamerika guztian egin zutena estaltzeko, eta oraindik ere ondorioak jasaten dituzte nazio, herri zein herritar frankok. Baina orduan herriak okupatzen eta herritarrak hiltzen zituztenek egun ere bere horretan segitzen dute.

Horrelako egunak aitzakia hartuta, kalera ateratzen dira eta faxismo espainolaren makineria guztia martxan jarri, kosta ala kosta, makineria zaharkitua baitago eta gero eta ageriago geratzen baita hurbileko egunen batean apurtuko dela, eta azkenetan dagoela konturatu beste irtenbiderik ez dute izango.

Urriaren 12an euskal herritarrok ez dugu ezer ospatzeko; are gehiago, asko daukagu salatzeko. Gaur espainolek bere nazioaren eguna ospatzen duten bitartean, euskal herritarrok berriro ere aprobetxatuko dugu gure herriaren aurkako eraso guztiak salatu eta agerian uzteko. Indar guztiz altxatuko dugu geure ahotsa, Euskal Herriarentzat errespetua eta demokrazia exijitzeko. Ahotsa altxatuko dugu egutegi propio bat aldarrikatzeko, jai inposaturik gabeko euskal egutegia. Horrelako jai egun inposatuekin gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea modu bortitzean ukatu eta urratzen zaigu.

Gure herriaren aldeko oihuak gero eta ozenagoak diren bitartean, espainolek trikimailu berriak asmatzen aritu beharko dute, gure nahia geldiezina baita. Euskal Herriaren borondatea da. Guretzat soberan daude telebistan egiten diren proklama guztiak, ikur espainol eta inposatuen aldeko kanpaina guztiak. Gu gaur normaltasun osoz joango gara lanera; edo herri eskoletan parte hartuko dugu, baita mobilizazio ezberdinetan; hots, ez dugu ezer ospatuko. Aitzitik, salaketa egun bihurtuko dugu.

Euskal herritarrok asko egin dugu, baina asko dugu egiteko. Azken egun hauetan izandako berriek euskal jendartea aztoratu dute, eta gure esku dagoena egin behar dugu. Aspaldian hartutako erabakia gauzatzen jarraituko dugu: Euskal Herria eraikitzen ari gara eta guztiok, nork bere eremutik, lanean jarraituko dugu, gure herriarentzat eskubide guztien errespetua lortu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo