Aguraingo Udalak laguntza ukatu die jai ekimenak proposatu dituzten elkarteei
Jaien azken asteburua hasiko da gaur Agurainen, eta herriko taldeek antolatutako ekitaldiak izango dira nagusi hiru egunotan. Udalak ez du herritarren ekimena gehiegi lagundu. Halere, zailtasunak zailtasun, talde guztiek eutsiko diote aurreikusita zeukaten egitarauari.
Txotxe ANDUEZA |
Gaur ospatuko duten koadrilen eta txosnen eguna baliatuko dute aguraindarrek joan den asteburuan izandako jai giroa berreskuratzeko. Jaiak bukatzeko falta diren hiru egun hauetan, herriko taldeak izango dira protagonista, eta jai txokoetan barrena banatuko den afaria, ekitaldi nagusia.
Baina guztia ez da jaia eta dibertsioa egun hauetan. Aldarrikapen, salaketa eta kritika ugari ere izan dira. Batez ere, Udalak, antza, ez dituelako herritarren ekimenak oso gustuko eta urtetik urtera oztopo gehiago jarri eta laguntza ekonomikoak murrizten ari delako. Hala salatu dute jarrera horrek kaltetutako taldeek.
Ekitaldi guztiak, aurrera
Gazte Asanbladak, esate baterako, bihar larunbata, presoen omenaldia bukatu ostean, kontzertua egingo du. Gazteek, ekitaldi hori eta bestelako ekintzak egiteko laguntza bila jo zuten udal ordezkariengana, baina erantzun gisa «aitzakiak» baino ez zituzten jaso. «Ekimen guztiak atzera bota zizkiguten», salatzen dute gazteek argitara atera duten komunikatu batean. Hala ere, egitaraua aurrera eramatea erabaki dute, «gure nahia eta eskubidea dela uste baitugu»; Udalak laguntzarik eman ez dien arren, «Skaramuza» eta «Feos pero majos» taldeen emanaldia izango da bihar gauean Santa Maria plazan.
Bestalde, duela bost urtetik hona Euskal Jaia antolatzen duen Sagarmin elkarteari ere, oztopoak eta diru murrizketak ezarri dizkio Aguraingo Udalak. Alde batetik, jaietan erabat errotuta dagoen jaia, bultzatu beharrean, oztopatzen saiatu dira, aldi berean dantza emanaldi bat programatuz. Bestetik, elkar- teak antolatutako dantzak, kantu bazkaria eta kantutegiak ordaintzeko 200 eurotara jaitsi du agindutako diru laguntza.
Aguraingo Dantza Taldeak emango dio hasiera Euskal Jaiari. Algara taldeak jarraituko du, Santa Maria plazan. Azkenik, kantu bazkarian, Oskar Estongak proposatuko ditu abestiak.