Oinarrizko elikagaiak gero eta garestiago
Kontsumorako Prezioen Indizeak gora egin du irailean, eta igoera hori ez da nolanahikoa izan. Petrolioaren prezioaz gain, oinarrizko elikagaien prezioek eragin dute hartan. Estatu espainoleko inflazioa euroa indarrean dagoen herrietakoen batez bestekoa baino dezente altuagoa da; hala ere, zenbait agintarik eta adituk ehunekoak, joerak eta alde positiboak ere azalduko ditu. Herritarrek, ordea, batez ere errenta txikiena dutenek, datu horiek interpretatzen jakin gabe ere, argiro nabarituko dituzte beren ondorioak; dagoeneko nabaritzen hasiak dira. Hartara, oinarrizko beharrak asetzeko produktuak erostea gero eta nekezagoa da herritar arruntarentzat.
Baina, oinarrizko produktu horien prezioak ez dira horren handiak ekoizleek eragindako igoeragatik, ezta hurrik eman ere, baizik eta enpresa artekari handien praktikagatik. Haiengana jo behar da erantzukizun bila. Izan ere, ekoizleen lehengaiaren salneurriaren eta produktuaren azken salneurriaren arteko aldea nabarmena da, eta argia neurriz kanpoko etekinak noren esku geratzen diren.
Bitartean, herritarrak ikusten du prezioen igoera soldatena baino askoz erraz eta azkarrago gertatzen dela, batzuen etekinak bere zailtasunekiko alderantziz proportzionalak direla, beraientzat ongizate estatua izendapen gero eta urrunagoa baino ez dela.