GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Urriak 12, barre egiteko eguna

Gaur, Inperioaren Eguna, «hispaniar arrazarena»; egun egokia dirudi nazionalisten lepo barre egiteko. Izan ere, sentimendu nazionalistak dakartzan jarrerak erridikuloak omen dira, batez ere nazionalismo hori norberarena ez denean.

Errazegia litzateke Raxoiren atzoko mezura jotzea barre egiteko (eta, hedabideen «magia» dela-eta, zenbatek bat egiten duen harekin ikusita, negar egiteko). Guardia Zibilaren jardun pedagogikoak (eskola-umeei borraren funtzionamendua irakatsiz), edo Amabirjina, santu, apezpiku, errege eta mota guztietako militarren nahasteak ere badu bere zera, baina ez dugu bide horretatik segituko, ordenaren jagole begiluzeek ez baitute umore sena garatuegi.

Are barregarriagoa litzateke, hainbat lagunentzat eta beren senideentzat, hain larria izango ez balitz, entzutea azken atxiloketa eta kartzelatzeek, edozein atxiloketa eta kartzelatzek, ez dakit zer konponbidetara eta, beraz, bakera hurbiltzen gaituela. Badakit hori esaten dutenek ere ez dutela halakorik sinisten, bariazioak bariazio 30tik gora urtean erabili izan duten prozedura bera baita.

Horregatik, eta beharbada hamaika ikusteko jaioak garelako, harrigarria begitandu zitzaidan estrategia errepresibo hori begi onez ikusten ez omen duten hainbat indarrek, ETAren azken atentatuaren ondoren bezala lehenago ere, guztiaren -atentatuaren eta errepresioaren- erantzule bakar bat seinalatzen entzutea: Batasuna.

Bakea? Zer dakite telebistak kontatzen dien gerra baino ikusten ez dutenek? Zer bake klase nahi dute presidente espainiarrak eta haren hitz gerrazaleak txalotzen dituztenek? Hemen batzuek benetan nahi dute, behar dute bakea. Besteak beste, su-eten garaian ere bakerik ez atsedenik izan ez dutenek. Gaitzespen faltsurik gabe edonoren heriotza benetan sentitzen dutenek. Ez nator bat inondik inora politikari guztiak igualak direla diotenekin. Batzuek erabakitzen duten lehen neurria beren soldata igotzea izaten da. Beste batzuen lanaren ordaina ere handia da: kartzela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo