Xabier Silveira Bertsolaria
Borroka garaia da!
Ulertu dugu zure mezua, Rubalcaba jauna. Ulertu dugu, bai. Ez duzue inolako asmorik Euskal Herriari dagozkion eskubideak errespetatzeko, inolako asmorik bakea eta demokrazia Euskal Herrian behin betiko gauzatzeko. Ez asmorik eta ez ausardiarik eta, ondorioz, ez gaitasunik eta ez ahalmenik. Agian, ahalmen eta eskuduntza horien jabe zinetela pentsatu genuenok zuek adina erru daramagu gurutzean, egia da. Egia baita, egia, ez duzuela inoiz zintzotasun arrasto izpirik ere erakutsi, arratoiz osatutako alderdi baten buruzagitza zaretela PSOEn agintzen duzuenak. Arrazoi aunitzekin esan zidan De Juana-ren herrikide eta lagun batek espainolekin jai genuela, berdin zuela alderdiaren izenak, espainolekin ez genuela ja fidatzerik, ezta ja ere! Zerbait bazekien, nonbait.
Ulertu dugu zure mezua, misterterror jauna. Ulertu dugu zuekin alferrik dela hitz egitea, alferrik den bezala zuen hitzak sinistea. Ulertu dugu zertara zetorren azken hilabeteetan zure txakurrek euskal errepideetan erakutsi duten jarrera. Ulertu dugu, bai, hainbeste aldiz errepikatu duzuen leloa ez duzuela zuek ere sinetsi. Ideia guztiak direla defendagarriak espainiar demokrazian? Bai, bai, ikusi dugu baietz, Rubalcaba jauna.
Frankismoa pairatu ez genuenok ulertu dugu, esker mila Rubalcaba jauna, ulertu dugu hemen ez dela ezer aldatuko, ez dela ezer aldatuko baldin eta gogor borrokatzen ez bagara; hemen ez dela ezer aldatu, errejimenaren txanponaren beste aldea zaretela, besterik ez, Rubalcaba jauna. Istripu bat zaretela, akats bat, defektu bat Espainia handi eta zatiezinaren hanka zolan, eta zuek badakizue; errore bat zeina konpontzen den bitartean ahalik eta min gutxien egin nahi duen, ea bere horretan uzten duten. Eta gu zuekin denbora galtzen!
Baina erori dira inperio handiagoak eta erresuma boteretsuagoak. Eta zuena bidean da, Rubalcaba jauna. Herri txiki hau XXI. mendeko herri zapalduen eredu gisa igaroko da Historiaren orrietara. Ikusi duzu «300» filma? Bada, gomendatzen dizut, atzo bihar baita. Gutariko bakar batek bizirik irauten duen bitartean, ezpatari eskuan euts dakioken bitartean, ez duzue lasai bizitzerik izango, Rubalcaba jauna.
Buruzagitza politikoa joko- zelaitik kanporatua izatea zinez damutuko zaizu. Herri honek indarra eta kemena soberan dauzka irudimenez antolatu eta aurrera egiteko, ez pentsa inork azaldu behar digunik agerikoa dena. Hogeita bi euskal preso politiko gehiago, hogeita bi arrazoi gehiago kalera ateratzeko, hortzak erakusteko. Ulertu dugu mezua, Rubalcaba jauna, Euskal Herria da jo puntuan duzuena. Orain Batasuna izan da, zein duzue zerrendan hurrengoa? PPren markak hausteko asmoz, Rubalcaba jauna? Errepresioa gordina izango da, latza, ezagutzen dugu zuen jokamoldea bertze legegintzaldi batzuetatik; baina hortxe izango gaituzue, tinko, ez baitugu irabazi arte etsiko. Rubalcaba jauna, bejondeizula, txakur hori! Ulertu dugu, eta ongi ulertu ere, zure mezua: Borroka garaia da!