GARA > Idatzia > Euskal Herria

Anoetan ere AHTren inguruko galdeketa eginen dute abenduan

Anoetako Udalak abenduaren 2an AHTren inguruan herrian eginen duen galdeketa aurkeztu zuen atzo. «Inposatua eta ezkutatua» den egitasmoa dela salatu, eta herritarrak beren iritzia ezagutarazteko aukera horretan parte hartzera animatu zituzten. Hainbat eragilek babestu du egitasmo hori eta informazio kanpaina eta eztabaida prozesua antolatu dituzte.

p022_f02_148x111.jpg

GARA |

Anoetako Udalak atzo jakinarazi zuenez, heldu den abenduaren 2an AHTren inguruko herri galdeketa eginen du bertan. Aurreko legealdian EAJ Udaleko buru zela 300 herritarrek babesa eman zioten AHT gelditzeko eta herrian galdeketa egiteko egitasmoari, eta atzo Udalak adierazi zuenez, «hori izan da Udalak hartutako konpromisoa, abenduaren 2ko galdeketarekin herriari hitza ematea, hain zuzen ere». Salatu zutenez, «orain arte administrazioetatik, Madrildik eta Eusko Jaurlaritzatik informazioa ukatu zaigu, eztabida ukatu zaigu, hitza ukatu zaigu». «Udalak, herriko instituzioa den heinean, galdeketa horren berme demokratiko guztiak jartzen ditu mahai gainean» eta hori hala izanik, «ukazio eta inposizioen aurrean, herriak hitza hartuko duela» nabarmendu zuten.

«AHTren lanak hasiak dira eta sekulako kalteak sortuko ditu Euskal Herrian, gure etorkizuna zeharo baldintzatuko du, eta gure herria, Anoeta, horren adibide garbia da», azaldu zuten egitasmoaren aurkezpenean. Au- kera hori dela-eta, «herritar guztiak herri galdeketan parte hartzera animatzen ditugu, beraien iritzia eman eta guztion artean erabaki bat hartu dezagun». Bide batez, Lakuako gobernuari zuzendu zitzaizkion: «Eusko Jaurlaritzak herriari hitza eman behar dio eta herriaren hitza errespetatu behar du. Hori da Anoetatik bidali nahi diogun mezu nagusia».

Udalaren egitasmoaz gain, Anoetako hainbat eragilek AHT dela-eta egoeraren hausnarketa egin zuten. AHT Gelditu! Elkarlana, Anoetako gazte asanblada, Udala, Ezker Abertzalea, LAB eta Gazte Mugimendua taldeek ohartarazi zutenez, trenaren eraikuntza lanak hasiak dira eta «momentu hauetan modu masiboan Euskal Herriko puntu ezberdinetara zabaltzeko arrisku handia dago». «Egitasmo antiekologiko eta antisozial» horretarako Lakuako gobernuak bideratuko duen dirua 10.000 eu- rokoa dela ezagutzera eman zuten, «gutxi gorabehera Etxebizitza Sailaren 50 urterako aurrekontua». Diru hori «kalitatezko garraio publikoa eta bestelako behar sozialei erantzun lekieke», nabarmendu zuten.

Inguruari eragingo lizkiokeen kalteei buruz, «Anoetan bakarrik metro bateko lodiera duten 89 futbol zelai betetzeko adina lur botako dute Isasti eta Larratzeko belazeetan», salatu zuten herriko talde horiek; bai eta informaziorik ez dutela eman ere: «lau biztanletik hiruk» gutxi ezagutzen du, edo batere ez. Hori gainditu nahian, azaroaren 18a arte informazio kanpaina eta azaroaren 19tik 25era eztabaida prozesua prestatu dute.

Haien hitzetan, «guri dagokigu arbasoek utzitako lurrak hurrengo belaunaldiei ziurtatzea. Ama Lurrak dagoeneko ezetz esan dio AHTri; abenduaren 2an herritarrek izanen dugu horretarako aukera». 

AHT Gelditu! Elkarlaneko beste kide bat epaitu dute Gasteizen

AHT Gelditu! Elkarlaneko kide baten epaiketa izan zen atzo Gasteizen, joan den uztailaren 11n Arabako Luku herrian egiten ari diren eraikitze lanetan egindako elkarretaratze bat dela-eta. Horiek hala, AHT Gelditu! Elkarlanak «trenaren kontrako mugimendua kriminalizatu» nahi dutela salatu zuen.

Atzoko saioan auzipetuak ez zuen epailearen aurrera joaterik izan eta ertzainek egin zituzten adierazpenak. «Ertzainak iraintzea» leporatzen diote, baina berak idatziz helarazitako oharrean jakinarazi zuenez, «gu lanen eremuan geunden eta Ertzaintzak joateko esan zigun. Gure kabuz gindoazela, bultzaka hasi zitzaizkidan, eta protesta egin nuenez, «salaketa `extra'» izanen nuela jakinarazi zidaten. Ertzainak gezurretan ari dira».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo