«Ez dut uste horren faboritoa naizenik, nik final nahiko irekia ikusten dut»
Floren Nazabal da aditu guztien ustez etzi Donezteben jokatuko den Euskal Herriko Txapelketa irabazteko faborito nagusia. Joan den igandean Nafarroakoa bereganatu zuen, eta sasoi betean helduko da finalera. Berak, ordea, beti bezain apal jarraitzen du eta ez du uste horren faboritoa denik.
Floren Nazabal da etzi Donezteben jokatuko den Euskal Herriko finala irabazteko faboritoa. Etxarrikoa oso indartsu dago, eta kanporaketan ere bera izan zen guztien artean onena.
Nola heldu zara finalera?
Ongi nago, sentsazio onak ditut. Udan eta, erakustaldi asko izan ditugu, eta gerrian nabaritu dut arazoren bat, baina oraingoz ongi nago.
Denek faborito garbitzat jotzen zaituzte. Zuk zer deritzozu?
Ez dut uste horrenbesterako denik. Olasagasti hor dago, eta oso kontuan hartu beharko da, maila handiko aizkolaria baita. Peñagarikano ere txapela jantzitakoa da, eta beti lan ona egin izan du. Otaño ere Gipuzkoako txapela jantzita dator. Lopez nire atzetik, bigarren izan zen Nafarroako Txapelketan, eta bikain ikusten dut. Txapartegi bera ere kanporaketan bigarren izan zen. Uste dut lehia nahiko irekia izango dela.
Gipuzkoan Otañorekin itxaropen handia dago. Zuk zer diozu?
Normala da, aizkolari gaztea da, eta Gipuzkoako txapela irabazi du. Ez dut aizkoran gehiegi ikusi. Azkeneko aldiz Euskal Herriko kanporaketan, baina txanda ezberdinetan ginen, ni berotzen ari nintzen, eta ez nuen behar bezala ikusi. Halere, Gipuzkoako finaleko denborak hor daude, eta orduko lan bera egiten baldin badu, ez da txapeletik oso aparte ibiliko.
Joan den igandean Nafarroako finala jokatu zenuten. Nahiz eta Euskal Herrikoan baino bi oinbiko gutxiago izan, erreferentzia bat izateko balioko zizun ezta?.
Bai, beti balio dizu, baina ez nintzen egindako lanarekin gustura geratu, gehiago egin nezakeela uste dut. Herrian izan zen, herritarren aurrean, eta neure burua arraro sentitzen nuen, ez nintzen eroso aritu.
Txapela irabazi egin zenuen, eta horrek beti emango dizu indarra ezta?
Bai, bai, horretan dudarik ez izan. Bigarren edo hirugarren amaitu izan banu, askoz ere tristeago joango nintzen Euskal Herriko finalera. Nafarroakoa irabazi izanak, beti ematen dizu animoa, eta are gehiago horrelako final baten atarian baldin bazaude.
Iaz min hartuta lehiaketan parte hartu gabe geratu behar izan zenuen. Aurten txapel gose handiagoa izango duzu ezta?
Iaz amaiera tristea izan nuen, min hartu nuelako, eta ezin izan nintzen Nafarroakoan eta Euskal Herrikoan aritu. Aurten ea bi txapel irabazita amaitzen dudan denboraldia.
Igandean, Larretxea, egungo txapelduna ez da izango.
Ez, eta pena da, baina berak gerriko arazo asko ditu, eta prestatu ezinik dabil, eta parte ez hartzea erabaki du. Parte hartuko balu ere, uste dut oso zaila izango lukeela irabaztea, ezin baitu behar bezala prestatu.
Finaleko partaideen adina ere asko jaitsi da. Hori seinale ona da ezta?
Bai, dudarik gabe. Azkeneko urteetan, ni gazteenetakoa nintzen, eta aurten zaharrenetakoen artean nago, eta hori seinale ona da. Gazteak badatozela ikusten da, eta hori beharrezkoa da.
Jon LEUNDA