Trontza
Esnaola anaiek aurreikuspenak bete egin nahi dituzte
J.L. | DONOSTIA
Gaur eguerdian, 12.00etan hasita, jokatuko da Basaurin, San Fausto plazan, Euskal Herriko trontzalarien finala, eta hiru mailetakoak izango dira bertan. Mutilak, Lehen eta Bigarren mailakoak, eta baita neskak ere.
Mutiletan, Esnaola anaiak, Rezabal-Roteta, Barberena anaiak, Aizkorbe-Cano eta Bertiz-Urrutia neurtuko dira Lehen Mailan. Bikote bakoitzak, 60 ontzako enborrari hamar epai etzanda eman beharko dizkio eta bost zutik, eta 60 ontzakoari, berriz, sei epai etzanda.
Esnaola anaiak dira egungo txapeldunak, Gipuzkoakoak ere beraiek dira, eta baita gaurkoa irabazteko faboritoak ere. Iturenen jokatu zen kanporaketan erraz gailendu ziren, eta gaur ez irabaztea ezusteko handia izango litzateke. Barberena anaiak agertzen dira beraiei aurre egin diezaieketen bakar bezala.
Bigarren Mailan, berriz, Irigoien-Telletxea, Orbegozo-Orbegozo, Garmendia-Iraola, Irigoien-Telletxea eta Morron-do-Pikabea neurtuko dira. Bikote bakoitzak hamar epai zutik eta bost etzanda eman beharko dizkiote 45 ontzako enborrari. Hau maila berria da, eta ez dago faborito garbirik. Lehen aldiz jokatuko da maila honetako lehiaketa.
Emakumezkoak
Mutilen bi mailez gain, neskena ere jokatuko da Basaurin, eta bertan honako hauek hartuko dute parte: Apodaka-Moreno, Etxebarria-Etxebarria, Etxebarria-Astondoa, Ariztegi-Galarregi, Agerrea-txueka eta Nuñez-Lopez. Biko bakoitzak hamar epai etzanda eman beharko dizkiote 45 ontzako enborrari.
Iazko emaitzei begiratuta, Etxebarria-Etxebarria izan ziren irabazle, eta Ariztegi-Galarregi bigarren. Beraz, aurten ere beraien artean egon daiteke txapela.
Basaurira, finala zuzenean ikustera joan ezin dutenek, Euskal Telebistaren bidez jarraitu ahal izango dute, hiru lehiaketak eskainiko baititu zuzenean.