Ereinek «Goizalbaren argitan» eta «Mozorroaren xarma» plazaratu ditu; poesia bata, eleberria bestea
Pello Otxotekoren eta Asel Luzarragaren azken ekarpen literarioak dira horiek biak, hurrenez hurren. Lehenengoak maitasuna du oinarri. Besteak hainbat istorio nahastu ditu, teknologia eta narkotrafikoa tartean.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
«Ez dakit asmatu dudan ala ez, baina saiatu naiz maitasuna ahalik eta ondoen deskribatzen, horretarako beraren alde anitzak, bere erpin ezberdinak azaltzen ahalegindu naiz». Hitz horiek baliatu zituen atzo Pello Otxoteko Vaquero irundarrak bere olerki liburua hedabideen aurrean aurkezterakoan. Laugarren liburua du hau dagoeneko.
«Goizalbaren argitan» lanean maitasunezko poema mota ezberdinak aurkituko ditu irakurleak, nahiz eta egilearen hitzetan «denak ez diren maitasun esplizituko poemak. Nire asmorik garrantzitsuena maitasunaren izaera poliedrikoaren alde anitzak aurkeztea izan da, eta horixe bera saiatu naiz transmititzen», nabarmendu zuen.
Bikotekidearenganako maitasuna, seme-alabenganakoa, gizateriarekikoa, naturarekikoa... da azaldu nahi izan duena, oro ere «modu pertsonalean, inpertsonalean, positiboan, negatiboan, errealean, era platonikoan, eta baita fikziozko modu batean ere» mahaigaineratuta. «Hizkuntzaren maila emotiboak punturik gorenetara eramaten saiatu naiz, eta irakurleak gozatzeko une egokiak aurkituko dituelakoan nago», esan zuen.
Erein argitaletxeak atzo aurkeztu zuen beste lana, bestalde, Asel Luzarragaren (Bilbo, 1971) «Mozorroaren xarma» da, eleberria, hirugarren liburua du. «Guztiok bizi gara mozorro baten atzean, eta aldi berean mozorroa da bizirauten laguntzen digun tresna, geure buruarekin erosoago sentitzeko aukera ematen diguna, gezurrezkoa dela jakin arren. Baina mozorroa gure benetako izaera kanporatzeko oztopoa ere bada, aldi berean. Geure burua onartzen ez dugulako seinale».
Iritzi horri tiraka, Luzarragak istorio ezberdinak nahastu ditu liburuan. Istorio nagusia Zigorrena da, bere logelaren lau hormen artean bizi den zibernauta amorratuarena. Thailandiara joango da, gelatik ezagututako neska batekin elkartzera. «Exotismoa eskaintzeaz gain -dio egileak-, ustelkeriaz gainezka bizi den herria da hura, oso egokia halako korapiloak sortzeko».
Literatura, omenaldi txikiak egiteko baliatzen du beti idazleak, eta aurreratu du «honetan agerikoena lagun eta idazle homosexualei eginikoa» dela.