Bilbao Poesia Asteak zortzigarren edizioa izango du aurtengoa
GARA | BILBO
Bilbao Poesia Astearen zortzigarren edizioa egingo dute urriaren 15ean hasi eta hilaren 21era bitartean. Poesia, olerkariak barne, herritarrei hurbiltzeko helburu argia izango du ekimenak, antolatzaileek adierazi dutenez.
«Bidebarrieta poesia portu» leloarekin, aurten itsasoa izango da ardatz tematikoa. Datorren asterako antolatutako ekintzen artean Gabriel Aresti Eguna, Hector Alterio aktore ezagunaren poesia errezitaldia, itsasoko olerkariei buruzko tertulia (Pessoa, Alberti eta Storni), Korsikako olerkigintzaren aurkezpena eta Palabras de Jazz-ek eta FastFatum-ek musika eta poesia elkartuta sortutako ikuskizunak nabarmentzen dira.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu programa irakurzaletasuna eta liburuak hedatzearen aldeko kanpainan dago.
Kalea bere eginez
Aurtengo edizioa lau gunetara hedatuko da. Aste barruan, Bidebarrieta liburutegiko areto nagusian egingo dituzte tertuliak, poesia eta musika ikuskizunak, Hector Alterioren errezitaldia eta Jaume Sisaren kontzertua. Bestalde, Areatzako karpan egingo dira asteburuko ekintza gehienak, FastFatum-en ikuskizuna, Umeentzako V. Poesia Lehiaketako sari banaketa eta Poesiaren Jaia, aurten «Kantauri Itsasoa» izenburuduna.
Areatzako pasealekua izango da hirugarren gunea; argazki eta poesia e-rakusketa egongo da aste osoan. Halaber, Escribe-Lee elkarteak antolatu «Itsasoari Begira» olerkigintza lantegian parte hartu nahi dutenek laugarren gunera jo beharko dute, hau da, Deustuko udal liburutegira, hilaren 16an, 17an eta 18an.
Arduradunen arabera, Bilbok poesiari eskaintzen dion astea Estatuko literatur ekimen garrantzitsua bihurtu da aurreko edizioen indarrari esker (iaz 10.000 bat lagunek hartu zuten parte). Aurten ere ekimenak kalea bere egingo du, Bizkaia osoan jarriko diren publizitate panelei esker.