Diaspora eta Xalbador hartuko ditu gaitzat bihar Urepelen ospatuko den Xalbador Egunak
Bihar Urepelen ospatuko den 2007ko Xalbador Egunean «Xalbador eta diaspora» gaia landuko dute. Goizean mahai ingurua izanen da gaiaren inguruan, eta AEBtako bi bertsolarik kantatuko dute bertso saioan.
Eneritz ZABALETA | BAIONA
2007ko Xalbador eguna bihar ospatuko da. Orain bi urte «Xalbador eta mendiak» eta 2006an «Xalbador eta Mattin» gaiak hautatu ostean, aurten «Xalbador eta diaspora» gaiaren inguruan eratu du egitaraua, eguna antolatzen duen Deiadarra elkarte urepeldarrak.
«Xalbadorrek diasporako euskaldunekin harremanak izan zituen, eta diasporan kantatutakoa ere bada. Aukera polita iruditu zaigu hain ezaguna ez den Xalbadorren biziaren esparru hori lantzea», azaldu zion GARAri Itxaro Betartek, Deiadarreko kideak. Alde horretatik, diaspora eta azken horrek bertsolaritzarekin duen harremana hobeto ezagutzeko parada izanen da Urepelen.
Hala, goizean zehar, 11.30ean hasita, diasporari buruzko bideo emanaldia eta mahai ingurua izanen da. Bertan, San Frantziskon eta Renon bizi diren Jonny Kurutxet eta Jesus Goñi bertsolariek hartuko dute parte. Bertsolariokin batera, diasporaren inguruko gaietan adituak diren hainbat eragilek parte hartuko du mahai inguruan, hala nola, Joxe Mallea Renoko Euskal Bibliotekako arduradunak, Joseba Etxarri diasporan adituak, Benoit Etcheverry Eusko sareko kideak eta Mikel Berekoetxea diasporan bizitako nafarrak. Tropa honen gidaritza, Xabier Euskitze telebistako aurkezleak ziurtatuko du mahai inguruan zehar.
Saioa bertsolari amerikarrekin
Urtero bezala, aurten ere Xalbador eguneko ekitaldi nagusiak, ezker paretan eginen den herri bazkaria eta bertsoa saioa izanen dira. Bertso saio berezia izanen da, gainera, aurtengoa. Izan ere, bertan Euskal Herrian sekula kantatu gabeko bi bertsolarik kantatuko dute. Bi bertsolariak Jesus Goñi eta Jonny Kurutxet dira. Biak, amerikarrak. Bata Nevadako Reno hirikoa da, eta bestea San Frantziskokoa.
«Biziki pozik gara bi bertsolariak etorri izanarekin. Ez dute inoiz kantatu Euskal Herrian. Halere, bertsolariak ezagutzen dituzte, diasporan kantuan ibiltzen baitira. Saio polita izanen da biekin», erran zuen Bertartek. Haiekin batera Euskal Herriko Andoni Egaña, Txomin Garmendia eta Sustrai Kolina arituko dira kantuan. Saioaren gidari eta gai emailea Joxe Mari Iriondo izanen da.
Aurtengo berrikuntzen artean, lehen aldiz Xalbador egunaren karietara antolatutako bertsopaper lehiaketa izanen da. Bertso saioaren ondotik jakinaraziko dute lehiaketaren emaitza eta bertan eginen da sari banaketa. Sarien artean, behe nafarreraz idatzitako bertso sorta onenak saria izanen du, besteak beste.
Ohitura zaharra berreskuratuz
Festa horren egitarau nagusia bihartik aitzina hasiko bada ere, gaur Xalbador eguna ospatzeko parada izanen da ere Urepelen.
Izan ere, gau honetan lagun arteko afaria egingo da. Afari berezia izanen da hori, bertan Urepeleko zein inguruetako istorio zaharrak ere kontatuko baitira. «Lehen Urepelen, afaltzean herriko istorioak kontatzeko ohitura zegoen. Urteekin, baina, ohitura desagertzen joan da. Afari honekin, ohitura zahar hau berreskuratzen saiatuko gara», azaldu zuen Bertartek.
11.30: Diasporari buruzko bideoa eta mahai ingurua.
13.30: Bazkaria Xendarineko ahizpek eta Aire ahizpek alaiturik.
15.30: Potxin eta Patxin pailazoak haurren txokoan eta Urepeleko haurren marrazki erakusketa.
15.30: Bertso saioa, Jonny kurutxet (San Frantzisko), Jesus Goñi (Reno), Andoni Egaña, Txomin Garmendia eta Sustrai Kolina bertsolariekin. Aurkezlea: Jose Mari Iriondo.
17.00: Bertsopaper lehiaketaren emaitza eta sari banaketa.