Floren Aoiz Idazlea
Zubiak dinamitatzeko obsesioa
Nonbait, Rubalcabak iragarri zituen atxiloketak, gertatu direnak eta etor daitezkeenak. Zehazki, negoziazioetan parte hartu dutenen aurkako neurriak aipatzen zituen, indarra agertu nahian edo. Ez dakit zein izan zen berria jaso zutenen erantzuna, baina uste du Gobernu espainiarraren irudia ez dela oso ongi gelditu, ez behintzat gatazkak konpontzen aritzen direnen artean.
Izan ere, adituek egoerarik latzenetan ere -eta bereziki horietan- aurkarien arteko harremanak mantentzea aholkatzen dute. Argi dago aski zaila bilakatzen ahal dela zubiak salbatzea gatazka erarik gordinenean lehertzen delarik, baina horrexek ematen dio ahaleginari baliorik handiena, ekaitzaren osteko barealdia hurbiltzeko gaitasunak, hots.
Horregatik, eta atxiloketa guziak onartezinak izanik, jarduera politikoak zigortzen ari direlako, gatazka gainditzeko saioetan zeregin zuzena izan dutenak kartzelaratzea urrutiegi joatea da. Ezker abertzaleak «mendeku» hitza erabili du portaera hau definitzeko eta ez zaio arrazoirik falta, nabarmena baita Gobernu espainiarrak izan duen porrota ordainarazi nahi izan dietela. Baina, ene ustetan, erasoa haratago doa. Konponketa politikoaren aukera desagertu dela irudikatu nahi dute, elektoralki hau delako, beren ustetan, PPri aurre egiteko modu bakarra, eta zapuzketa zabaldu nahi dutelako euskal jendartean, eta bereziki ezker abertzalearen munduan. Jendearen pertzepzioan eragiteko asmoa dute, errepresioari protagonismoa emanez.
Agian, oso estrategia makiabeliko azkarra dela pentsatuko du baten batek, baina betikoa da, behin eta berriro porrot egin duen jokamolde arriskutsua, orain arte beti aurrera eraman duenaren aurka itzuli dena. PSOEren gobernua agerian gelditu da, euskal herritarron aitzin, berea baita prozesuaren porrotaren ardura, eta gatazka gainditzeko eman beharreko urrats txikienak ere ez dituelako eman.
Norbaitek neurtu beharko luke atxiloketek herritarrengan izan duten efektua. Hau eginez gero, ondorioztatu beharko luke Estatua espainolaren zilegitasunari beste kolpe bat eman diotela. Eta hau ere Estatu espainolaren zilegitasunaren izenean.