GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Gure alboko herriaz

Mundu osoan zehar egin diren genozidio eta basakeria handienak estatuek eurek sortu izan dituzte. Hitlerrek berak «eskubide estatua» aplikatu besterik ez zuen egin

Artikulua idatzi orduko, pasadatxo bat egin behar izaten zaie azken albisteei. Eta horra jo dut, ea apotemako temaz gain, beste zerbait bazegoen. Hantxe ibili naiz, egunkarietan, telebistetan eta sarean.

Zer topa, eta ETBko albistegian ume soldaduak. Hala ere, ez ziren Kongo edo Liberiakoak, Nafarroan bertan zeuden, armak eskuetan eta porrak jotzeko prest. Ezin nuen sinistu ikusten ari nintzena. Badirudi Guardia Zibilak mertzenarioak sortzeko asmoa daukala. Txiki-txikitatik eta ondo jakinda zein eskolatara jotzen duten horretarako, etorkin gehien batzen dituzten eskoletara. Eta anekdota barik, jakin ezazue webgunean atal «infantila» ere badaukatela, beren «ogibidea» umeei ondo esplikatzeko. Beste kontu batzuk ere izan dira azken boladan, hala nola, monarkia ikutu ezinaren afera: Denek (edo ia denek) egiten dute defentsa sutsua; alderdiek, politikariek, baita hilabete amaierara ozta-ozta heltzen diren horiek ere.

Benetan, beldurtzeko modukoa. Dena da libre monarkia bananero honetan eta, zoritxarrez, Espainiako ehizaldietan Euskal Herria da oreinik baliotsuena. Beldurtzeko zer pasatuko ote den asmatzen jakin gura ez dugulako. Beldurra, alboko hainbat jendearenganako eta norberarenganako ere bai. Eta puntu honetan esan behar da beldur horrekin ere jolasten dutela, beldurra baita tresna benetan efektiboa jendea geldiarazteko.

Azken batean, horretara jo behar dute, jakin badakitelako ezker abertzalea desestabilizatu, beharbada bai, baina ezker abertzaleak defendatzen duen proiektua, herri proiektu osoa dela eta ez dela pertsona zehatzetan sostengatzen den kontua. Jarraitu ahal dute jendea espetxeratzen, harik eta Euskal Herri osoa burdin barra artean inguratu arte. Hori bai txakurrak kanpoan gelditu daitezela.

«Nazionalistok» benetan gara gaiztoak, banderak, himnoak eta chauvinismo purua goratzen dituzten nazionalista espainolak izan ezik. Batzuen ustez, exterminatu beharreko gauza gara. Beste batzuen ustez, faxistak eta genozidak geu gara, sekula halakorik! Erreparatu barik mundu osoan zehar egin diren genozidio eta basakeria handienak estatuek beraiek sortu izan dituztela. Hitlerrek berak «estado de derecho» aplikatu besterik ez zuen egin: «demokratikoki» izan zen aukeratua hauteskundeetan eta, egin zuen gauza bakarra «legeak aplikatzea» izan zen. Beste batzuek -progreenek- ulertzen ez duten zerbait gara gu. Kontu zaharra da hau: Latinoamerikan edo ekialdean herriren batek bere eskubideen alde borrokatzen badu, ulergarria da edozein borroka bide erabiltzen duela ere. Birmaniako kasuarekin dabiltza eskandalizatuta dabiltza azken hauek, jakina.

Eta esan bezala, benetan beldurgarria da. Beldurgarria zelan doan arin-arinka atzerantz Estatu espainola. Hemendik gogoratu beharko diegu iragan errepublikano eta gorria daukatela, eta iragan hori nahiko hurbil dagoela oraindik. Min ematen dit neure herriaren egoera ikusteak. Min ematen dit nire arbasoen herria e horrela ikusteak ere. Ze memoria historiko eta ze oxtia, inork ez du honezkero ezer gogoratzen eta, txarrena dena, ez du ematen inork ezer ikasi duenik. Edo akaso hasi da zerbait mugitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo