GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte mugimenduko hainbat kidek salatu dute Estatu frantsesa ez dela «inor» haiek epaitzeko

p017_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Egunotan edota datozen asteetan, epaitegitik igarotzeko trantzean egongo diren gazte mugimenduko hainbat gaztek, agerraldia egin zuten atzo Baionan, Estatu frantsesak beraiek epaitzeko «inolako zilegitasunik» ez duela adierazteko.

Horietako batzuk orain bi aste, Lapurdi eta Nafarroa Beherean jazotako polizia operazioa salatzeko asmoz, afixa eta margoketen bitartez Donibane-Garaziko manifestaziora dei egiten ari zirelarik kontrolatu zituen Poliziak Baionan. Bi orenez atxikirik ukan ostean, «biltzera dei egitea» leporatu diete orain.

Ekintza bertsuagatik Uztaritzen beste hiru interpelatu zituen Poliziak. Horietako bik -Andoni Anetas eta Aintza Zufiaurre- berehalako epaiketa ukan dute eta bakoitzak 200 euroko isuna ordaintzera eta bi egunez «gizabide ikastaroa» egitera zigortu zituzten. Hirugarren bat, adinez txikia izateagatik, urriaren 17an igaro beharko da Baionako Adingabeen Auzitegi aitzinetik.

Egun berean, Clara Rougetek Polizia Epaitegian agertu beharko du, 2006ko urriaren 6an egindako Gazte Egunaren karietara «zarata egiteagatik eta herritarrak aztoratzeagatik». Eta oraindik dei zehatzik jaso ez badute ere, han azaldu beharko dute Haritza Galarragak, Emilie Martinek eta Leire Larraldek ere, Tourra Euskal Herritik igaro zenean egindako margoketetan «krimen terroristen apologia» egin izana leporatuta.

Gazteen determinazioa

Atzokoan adierazi zutenez, «ez da harritzekoa gure kontra oldartzea eta gazte indarra gelditu nahi izatea, bi estatuek bai baitakite euskal gazteok determinazio osoa daukagula proiektu politiko baten alde, gure herriaren alde lan egiteko».

Horregatik uste dute, oraingoan Estatu frantsesaren errepresioaren jomuga direla eta argi adierazi nahi dute ez dela «inor euskal gazteak epaitzeko». Bidea ez dela «erraza izanen» aitortuta, Euskal Herriaren «independentzia lortu arte borrokan segitzeko konpromisoa» berretsi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo