GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko maila

Ordiziak eta Getxok denboraldiko lehen derbia jokatuko dute

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ohorezko Ligako bigarren jardunaldian heldu da Ligako lehen euskal derbia. Gaur arratsaldean, 16.00etatik aitzinera jokatuko dute Ordizian, Trevijano zelaian, Kitmar Ordiziak eta Getxo Arteak. Norgehiagoka hau Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du.

Ordiziak jadanik badu zelai berria, Altamira, baina belar artifiziala du, eta gipuzkoarrek garbi daukate Trevijanon joka dezaketen bitartean han arituko direla.

Derbiak beti izaten dira garrantzitsuak, baina bizkaitarrek eta gipuzkoarrek jokatzen dutenak beti izaten du interes berezia, biak baitira mailari eusteko borrokan ibili beharko luketen taldeak, eta elkarren aurkako norgehiagokak garrantzitsuak izaten dira.

Lehen jardunaldian, Ordiziak astindu handi samarra hartu zuen, baina Liga irabazteko faboritoetako baten aurka jokatu zuen. Hala ere, hiru entsegu egin zituen, eta nahiko itxura ona eman zuen. Gaur ordea, hori bere zaleen aurrean frogatu behar du.

Getxo Arteak, berriz, denboraldia ongi hasi zuen, lehen partida etxean irabazi egin baitzuen, eta puntuek ematen duten lasaitasunarekin jokatuko du gaur. Gainera, Ordizia mendean hartzen baldin badu, bien arteko aldea dezente zabalduko luke Liga hasi bezain azkar, eta horixe izango da beraien asmo nagusia.

Bera Berak, zaila

Spyro Bera Berak, berriz, bihar jokatuko du Valladoliden El Salvadorren aurka, 12.30ean hasita. Gipuzkoarrak ezustean galdu zuten lehen partida etxean, mailaz igo berria den Cajasolen aurka, eta porrot hura oso garesti ordain lezakete. Biharko partidara irabaztera joan beharko dute, baina ez dute lan erraza izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo