GARA > Idatzia > Ikusmira

Egia deseroso baten ostean, Nobel ez eroso bat

Estatu Batuetako presidenteordeak, Al Gore-k, eta Nazio Batuen Erakundeetako Klima Aldaketari buruzko gobernuz kanpoko taldeak jasoko dute aurtengo Bakearen Nobel Saria. Akademiak atzo azaldu zuenez, biak ala biak klima aldaketaren aurkako borrokan egindako lana nabarmendu nahi du sariaren bitartez. Ez da Nobel akademiak planetaren aldeko lana saritzen duen lehen aldia. 2004ean Wantari Maathai keniarrak eskuratu zuen saria. Beste emakume askoren laguntzaz, Afrikan zuhaitzak landatzeko Maathaik sustatu zuen egitasmoa saritu zuen Oslok. Izan ere, oraingo honetan, klima aldaketari erantzuteko norbanakoen ahaleginaz gain, nazioarteko agintarien konpromisoaren beharra nabarmendu nahi izan du akademiak. Kyoto II-ri buruzko negoziazioaren atarian, munduko herrialde boteretsuei agindu morala iritsi zaie Oslotik: planetaren alde jokatzeko ordua iritsi da. Horrez gain, bere arerio politiko ohiari saria ematearekin mezu zehatza bidali diote Bush-i: beroketa efektua sortzen duten gas isurketen erantzule nagusienetarikoak ezin du planetari bizkarra emanez jarraitu. Izan ere, helburu eta asmo horiek guztiak aintzat hartuta ere, zaila egiten da oso, Iraken aurkako gerra eta Somaliako inbasioa gauzatu zituen gobernuaren presidenteordeak Bakearen Nobel Saria jasotzeko adina meritu duenik onartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo