ACB Liga Iurbentia Bilbao Basket
Vidorretarenek etxean bilatuko dute lehen garaipena
Arnaitz GORRITI | BILBO
ACB Ligako bigarren jardunaldia ate joka ari zaio Iurbentia Bilbao Basketi. Txus Vidorretarenek arratsaldeko 20.30etan hasita Kanaria Handiaren aurka izango dute hitzordua.Ea La Casillan lortzen duten aurtengo aurreneko garaipena.
Aurkari zaila dute, ordea, bilbotarrek, inon zailik bada. Salva Maldonadok gidatzen duen Kanaria Handiak beti irabazi dio talde bizkaitarrari. Hala, iaz talde «horia» 90-94 nagusitu zitzaion luzapenean talde euskaldunari. Azken laurdenean zazpi punturen errenta alferrik galtzen utzi zuten eta Marcus Norris eta Kornel Daviden lanak errematea jarri zuen kanariarren alde.
Murtziako porrota gainditu
Asteon eskainitako prentsaurrekoan Indautxukoak Polaris World Murtziaren aurka nozituriko porrota gainditzeko entrenamenduetan, lana egin behar izan duela aitortu zuen.
«Hunterren saskiratze famatu horrek ez digu loa eragozten. Lan dinamika ona izatea da benetan garrantzia duena. Egia da, asteartean ez genuela behar bezalako lanik egin, buruan zerbait bazebilelako bueltaka, baina asteazkenetik aurrera ez da arazorik izan», esan zuen.
Kanariarren «taldearen balioa» baloratu eta Maldonadorenei irabazteko «defentsan tinko ekin behar diogu eta 40 minutuetan eutsi», adierazi zuen.
Luke Reckerren inguruan, aldiz, «itxaropentsu» azaldu zen bilbotarren entrenatzailea. Hala ere, partida ordura arte ezingo da jakin estatubatuarrak jokatzerik izango duenentz.
Azkenik, leporaino beteko den la Casillako zaleen laguntza eskatu zuen Vidorretak.