GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Trontza Euskal Herriko finalak

Nafarroara joan dira maila nagusiko bi txapelak

Barberena anaiak eta Agerre-Txueka gailendu ziren mutilen eta nesken lehiaketetan. Mutilen Bigarren Mailan, Orbegozotarrak nagusitu ziren.

Jon LEUNDA | BASAURI

Ezusteak izan ziren atzo Basaurin jokatu zen trontza Euskal Herriko Txapelketan. Esnaola anaiak, mutiletan, eta Etxebarria ahizpak nesketan, ziren irabazteko faboritoak, baina biek bigarren postua besterik ez zuten lortu. Barberena anaiak izan ziren onenak mutiletan, eta Agerre-Txueka, nesketan. Gizonekoen Bigarren Mailan, berriz, Orbegozo-Orbegozo izan ziren garaile.

Jendetza handia batu zen Basauriko San Fausto plazan Euskal Herriko hiru finalak zuzenean ikusteko asmoz, eta bertaratu zirenak ez dira damu izango, trontzak duen edertasun guztiaz gozatu ahal izan baitzuten. Kirol honek, ez du aizkorak, segak edo harri-jasotzeak duen ospea lortu, baina ikusgarria bezain ederra da, eta atzoko finalak ezin politagoak izan ziren, batez ere maila nagusiko bi lehiak.

Mutilen Lehen Mailan, Esnaola anaiak ziren faborito. Iazko txapeldunak ziren, eta kanporaketan ere alde nabarmena atera zieten gainerakoei. Barberena anaiak ziren, adituen ustez, gipuzkoarren txapela arriskuan jar zezaketenak, eta halaxe, kendu ere egin zieten. Baina bi biko hauen lanaz gain, gainerakoen lana ere aipatu behar da, oro har ona izan baitzen.

Bikote bakoitzak. 60 ontzako enborrari hamar epai etzanda eman behar zizkion, eta kana-erdikoari, berriz, sei zutik, eta beste horrenbeste etzanda. Lehenengo hiru bikoen arteko dema handia izan zen. Barberenatarrak erasora atera ziren, zuten guztia emateko asmoz, eta txapela janzteko asmoz. Esnaolatarrak haiei eusteko moduan egin zuten, baina gero bete egin ziren, eta nafarrek behera egin gabe jarraitu egin zuten txapela lortu arte.

Legorretakoei nekea asko nabaritzen zitzaien azkeneko epaietan, eta nafarrak harrapetzea ezinezkoa egin zitzaien. Amaieran txapelak ihes egin zien. Aizkorbe eta Cano hirugarren postuan geratu ziren.

Nesken dema ere bikaina izan zen. Etxebarria ahizpak ziren faborito. Beraiek irabazi zuten iazko txapela, baina atzo ere lan ona egin arren, Agerrek eta Txuekak hiru segundo gutxiago behar izan zituzten lana amaitu eta txapela lortu ahal izateko. Maila honetan, 45 ontzako enborrari hamar epai etzanda eman behar izan zizkioten.

Lehia handia izan zen maila honetan, baina ez estreinako bien artean bakarrik. Etxebarria-Astondoa bikoa ere beste bien parean ibili baitzen. Ia azkeneko epaian sartu arte ez zen txapela zeinek eramango zuen jakiterik izan. Amaieran ere estreinako hiru bikoak bost segundoren barruan sartu ziren, eta horrek erakusten du izandako oreka zenbaterainokoa izan zen.

Mutilen Bigarren Mailan, biko bakoitzak, hamar epai etzanda eta bost zutik eman behar izan zizkioten 45 ontzako enborrari, eta Orbegozo anaiek, aparteko arazorik gabe jantzi zuten txapela. Hasieratik hartu zuten abantaila, eta amaieran ia minutu bateko tartea ireki ahal izan zuten. Garmendia-Iraola izan ziren bigarren, ia minutu batera..

Ikuskizun bikaina

Trontzak duen edertasun guztia ikusi ahal izan zen atzoko finaletan. Gizonezkoen eta emakumezkoen maila nagusietan oso alde txikiarekin sartu ziren estraineko hirurak, eta ikuskizun bikaina eman zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo