GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora

Nazabal faborito, Euskal Herriko final nagusian

J.L. | DONOSTIA

Euskal Herriko aizkolarien final nagusia bihar eguerdian jokatuko da Doneztebeko pìlotalekuan, 12.30ean hasita. Saioa, Euskal Telebistak zuzen-zuzenean eskainiko du.

Honako aizkolari hauek sailkatu ziren joan den abuztuaren amaieran. Lakuntzan jokatu zen kanporaketan: Nazabal, Txapartegi, Otaño, Lopez, Olasagasti eta Peñagarikano. Aizkolari bakoitzak, lau enbor kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu beharko ditu.

Nazabal izango da txapela irabazteko faboritoa. Denak bat datoz horretan, baita gainerako finalistak ere. Pasa den igandean Nafarroakoa bereganatu zuen, eta orain, urteko lehiaketarik garrantzitsuena ere eskuratu nahi du. Kanporaketan ere bera izan zen onena, gainerakoei aldea aterata.

Olasagasti da adituen ustez, berari aurre egin diezaiokeen bakarrenetakoa. Igeldokoak ongi dagoela eta Etxarrikoa estutzeko gogoz dagoela dio. Eskarmentu faltarik ez du eta faboritoak huts egiten badu ere, bera han egongo da.

Unai Otaño da zaleen beste itxaropenetako bat. Lehen urtea du maila nagusian, eta bere lehen final handia izango du. Gipuzkoako maila nagusian ere bere lehen finala zuen, eta irabazi egin zuen. Euskal Herrikoan ere maila ona eman nahi du, eta oso kontuan hartu beharko da bere lana.

Joxemiel Peñagarikano izango da ekinaldi honetako aizkolaririk beteranoena. Beizamakoa txapela irabazitakoa da, baina ez da lehengoa. Hala ere, gogoz prestatu du final hau eta oso maila onean dago. Berak berea egingo du, eta berari aurrea hartzeko, besteek ere hala egin beharko dute.

Luix Txapartegi izan zen bigarren Euskal Herriko kanporaketan, eta oso maila onean dabilen aizkolarietako bat da. Hala ere, joan den ekainean jokatu zuen Lasaren aurkako apustua, eta final hau berandu samar izan daiteke berarentzat, zaila baita beti puntuan egotea, baina zaleek berarengan ere badute itxaropena.

Juanjo Lopez ere lehen aldiz izango da final honetan; iaz bigarren izan zen Otañoren atzetik, Bigarren Mailakoan, baina hau ere lan ona egiten ari da. Bigarren izan zen pasa den igandean Nafarroako Txapelketan.

Final honek beste datu pozgarri bat ere izango du, izan ere ,finalisten adina asko jaitsi da aurten. Azkeneko urte hauetan 40 urtetik gorakoak ziren ia denak, eta aurten bi besterik ez dira pasatzen adin horretatik, eta berri hori pozgarria da oso. Finala ikusteko sarreren salneurria, berriz, 15 eurotan egongo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo