GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

1.500 ikaslek parte hartu dute Euskal Herrian izan diren herri eskoletan

Urtero bezala, Hispanitatearen Eguna dela-eta, Ikasle Abertzaleak erakundeak ikastetxe askotan herri eskolak antolatu zituen, euskal egutegi propioa eratzeko eskatuz. Atzokoan, 55 herri eskola egin ziren, eta horietan 1.500 ikaslek parte hartu zuten guztira.

p006_f01.jpg

p006_f02.jpg

Atzo, Hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna izaki, festa eguna izan zen Estatu espainolean, eta ikasleek ez zuten klaserik izan. Euskal Herrian berriz, 1.500 ikasle inguruk, Ikasle Abertzaleak erakundeak kultur eskubideak eta euskal egutegi propioa erreinbikatzeko 55 herri eskola antolatu zituen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastetxe askotan. Horrez gain, elkarketaratzeak izan ziren Donostian eta Oarsoaldean. Horietan, 300 eta 120 pertsona elkartu ziren, hurrenez hurren.

Ikasle Abertzaleak-ek atzoko herri eskolen balorazio «ona» egin zuen, eta urtez urte ekimen horien inguruko datuak hobeak direla baieztatu zuen. Era berean, erakunde abertzaleak nabarmendu zuen herri eskolek «euskal egutegi propioaren aldeko dinamika egonkortu» egiten dutela, eta urtez urte, «gero eta ikasle gehiagok jai egun arrotzei intsumisioa» egiten dietela.

Horrez gain, elkarteak Gasteizko Gobernuko Hezkuntza sailak herri eskolekiko izan duen jarrera salatu du. «Hainbat ikastetxetan eskola kontseiluak urriaren 12a eta abenduaren 6a eskola egun ofizialak izatea erabaki zuten arren, Hezkuntza Sailak egutegia atzera bota du, eta Hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna, eta espainiar Konstituzioarena ospatzera behartu dituzte», esan zuen.

Ikasle Abertzaleak-ek, «poliziaren gehiegikeria eta kontrola» ere gaitzetsi du. «Gasteizko Gobernuaren poliziak Deustuko Botika Zaharreko elkarretaratzean zeuden ikasleak identifikatu eta mehatxatu dituzte, eta Iruñean, udaltzainek Iturramako ikastetxeko hainbat ikasle identifikatu dituzte», jakinarazi zuen elkarte abertzaleak.

Bestalde, Euskal Herriak Bere Eskolak elkarteak ere Lakuako Gobernuak agertutako jarrera salatu zuen. EAko Tontxu Campos buru duen sailaz zera esan zuen: «Ulertezina da desobedientzia egin behar dela dioen alderdi baten esku dagoen sailak, desobedientzia hori aurrera eramaten duten ikastetxeen gainean presioa egitea».

Ekitaldi ugari

Esan bezala, Hego Euskal Herriko ikastetxe askotan izan ziren atzo herri eskolak. Guztira, 55 herri eskola antolatu ziren eta horietan 1500 ikaslek parte hartu zuten. Donostian, Ibaeta, Luberri, Gros, Usandiaga eta Lau Haizetara ikastetxeetako ikasleek herri eskoletan egoteko aukera zuten, eta gainera, 300 ikaslek parte hartu zuten mani- festazioa irten zen Boulebarretik. Bizkaian ere, ikasle askok euskal egutegia ezartzearen alde egin zuten, hiri eta herri askotako eskoletan hainbat ekitaldi antolatu zituzten. Adibidez, Busturialdeako Gernikako institutuan 70 lagun elkartu ziren. Dena dela, Bilboko, Durango aldeko, Lea-Artibako, Ezkerraldeko, Uribe Kostako, Hego Uribeko Txorierriko, Arrantiako eta Enkarterrietako ikastetxe askotako ikasleek ere Guardia Zibilaren egunean festa edukitzearen aurka azaldu ziren.

Araban, Gasteizko eta Aiarako eskoletan herri eskolak antolatu ziren, hiriburuko Koldo Mitxelena zentruan 33 pertsona bildu zirela. Nafarroari dagokionez, Iruñerriko hiru eskoletan, eta Leitzako ikastetxean hainbat lagun elkartu ziren. Eunateko eskolan adibidez, 40 ikaslek parte hartu zuten, eta Biurdana ikastetxean 35 pertsona bildu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo