GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Mintzapraktika» egitasmo bateratuak 2.000 lagun inguru bilduko ditu aurten

Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak (AEK), Topaguneak, Gasteizko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak azken urteotan egindako lankidetzaren lehenengo emaitza aurkeztu zuten atzo Euskaltzaindiko egoitzan; «Mintzapraktika» egitasmo bateratua hain zuzen.

Kepa PETRALANDA |

Euskararen erabilera modu eraginkorragoan sustatzeko proiektuak, 2.000 lagun inguru batuko ditu aurten. Horietatik 1.000 inguru Bizkaiko 40 herritan arituko dira egitasmoan; Gipuzkoako 13 herritan 650 lagun inguru bilduko ditu; eta Iruñean, Tafallan, Sakanan, Araian eta Gasteizen hain zuzen, 350 lagun bilduko dira.

Euskaltzaindiko egoitzan Euskara Elkarteen Federazioko, hau da, Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek esan zuenez, ezagutza eta erabilera «naturaltasun osoz» uztartu dira orain arte sortu diren Mintzapraktika egitasmoetan. «Haietan, euskaraz aritzeko erraztasuna landu nahi dutenak -euskaltegietako ikasleak, euskaldunak izan arren, hizkuntza erabiltzeko aukerarik ez duten lagunak- eta erraztasun hori jadanik badutenak elkartzen dira, elkarrengandik ikasteko. Erakunde publikoek hasiera-hasieratik ikusi dute argi mintzapraktikaren garrantzia, eta ezinbesteko partaide izan dira orain arteko elkarlanean», esan zuen Mendizabalek.

Mendizabalekin batera, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzailea, Lakuako Euskara Sustatzeko zuzendari Miren Dobaran eta Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria izan ziren Bilbon. Loberak elkarlanaren adibide moduan aipatu zuen duela zazpi urte Bizkaiko «Berbalagun» egitasmoak koordinatzeko AEK-k, Uztarriak, Foru Aldundiak berak eta Topaguneak sinatutako «Berbabarri» hitzarmena.

Lankidetzan sakontzeko asmoa dutela argitu ondoren, «herrietan sustatzaile izan nahi duten erakunde guztiei batera lan egiteko» gonbita egin zien Mendizabalek eta «gure aldetik, ahalegina egingo dugu inor kanpoan gera ez dadin», gaineratu zuen. Euskararen erabilera bultzatzea; herrietako Mintzapraktika egitasmoak zabaltzea; egitasmo horiek sustatzen dituzten eragileen elkarlana bultzatzea; eta egitasmoen ikusgarritasuna handitzea eta haien eraginkortasuna gizarteratzea dira elkarlanaren helburuak, Mertxe Mujikaren hitzetan.

AEK-ko koordinatzaileak egitasmoaren irudi bateratua aurkeztu zuen, mintzapraktika letrak osatzen dituzten hiru lagunen irudi koloretsuak hain zuzen. Horrekin batera, «Mintzapraktika egitasmoaren erreferente argia ere sortu nahi dugu eta horretarako internetera jo dugu. Informazioa bilatzeko gehien erabiltzen den bidea da gaur egun, eta pentsatu dugu ezinbestekoa zela ekimen berri honek sarean ere bere txokoa izatea». Parte-hartze «aktiboa eta funtsezkoa» da www.mintzapraktika.org webgunean aurkitu daitekeena.

euskaltzaindian

Egitasmoaren irudia eta «www.mintzapraktika.org» webgunea aurkeztu zituzten Lakuako gobernuko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Topaguneko eta AEK-ko ordezkariek Euskaltzaindiko Bilboko egoitzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo