GARA > Idatzia > Kultura

Negu Gorriak-en omenezko kontzertua eskainiko dute Gasteizko musika taldeek

J.V.M. | GASTEIZ

Iñaurkeim, Rockefeler eta Mechott Pupita talde gasteiztarrek Negu Gorriak taldeari omenaldia egingo diote urriaren 26an hiriburuko Aihotz Plazan antolatu duten kontzertu baten bitartez.

Gasteizko Geu euskara elkartearen laguntzarekin batera, Gauekoak, Udalak antolatzen duen astebururako aisialdi egitaraua, abiatuko du bertsioz osaturiko kontzertu berezia. Ekitaldia gaueko 21.00etan hasiko da eta doakoa izango da. «Belaunaldi ezberdinak markatu dituen Irungo bandaren hainbat abesti joko dituzte Gasteizko taldeek, beraien estilo propioak txertatuz», azaldu zuen Igor Uriarte Gauekoak-en euskara arduradunak.

Zinea eta bertsoak

Negu Gorriak taldeari urriaren 26an egingo dioten kontzertu omenaldia, ordea, ez da Gauekoak-ek datorren hilabeterako antolatu duen euskarazko ekitaldi bakarra. Geu elkartearekin egindako elkarlanaz gain, Udaleko aisialdi egitasmoak Cine Club Orhum eta Arabako Bertsozale elkartearekin batera euskarazko egitaraua osatu du datozen egunetarako: «Iruditxokoa» zine ziklo berria abiatuko da urriaren 19an «Eutsi!» filmarekin. Hitzordua Luis Ajuria aretoan izango da. Euskarara itzulitako bestelako filmak ere ikusi ahal izango dira urriaren 26an, azaroaren 2, 9, 16, 23 eta 30ean. Hauek dira hurrenez-hurren: «Porco Rosso», «Dark water», «Ekialde-ekialde», «Ogia eta arrosak», «Agian» eta «Arrosaren izena».

Era berean, Gauekoak-en bertso lantegiaren emaitza izango da abenduaren 14ean Arabako Bertsozale Elkarteak antolatu duen «Gaueko bertsoak»en. Aldabe gizarte etxean arituko dira ikasleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo