GARA > Idatzia > Kultura

Lagun zaharrak bertso berritan, gutako bakoitzaren baitan hamaika gutar bizi delako

Aspaldiko lagunak batu eta Gu Ta Gutarrak boskotea bertsotan hasi zen iaz. Bertsoa eta musika uztartu, eta estreineko diskoa plazaratu berri du orain han-hemenka ugaritzen den alproja koadrilak.

p054_f01_148x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Lagun minak ditugu gurean musika eta bertsoa, makina bat egitasmotan elkarrekin parte hartutakoak. Azkena, Gu Ta Gutarrak taldeak eman digu, atzo aurkeztu zuten «Bertso berriak eta lagun zaharrak» diskoan. Hamaika saltsetako piper, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolari eta aspaldiko lagunekin elkartu zen iaz Josu Zabala musikaria, eta Gu Ta Gutarrak taldea sortu, Aitor Rubio gitarra jolearekin eta Xanpe bateria jolearekin batera. Zuzenekoetarako sortutako bosteko xelebrea, kontzertuetan gonbidatuen partaidetzarekin ugaritu egiten da, gutar asko baitago inguruetan.

Atzo gogorarazi zuten legez, ez da durangar bertsolari gazteak Josu Zabalarekin nahastuta dabiltzan lehen aldia. Basaurin egin beharreko jardunaldi batzuk zirela-eta, bertso berriak pobreziari jarri, eta plazara atera zituzten, artean sei eskale zirela. Zazpi Eskale bihurtu ziren gero, eta «Barrenkaleko Bluesak» bigarrena eta azkena ekoiztu, droga gai hartuta. Alta, zerbait bertsolariagoa egiteko gogoak bildu zuen taldea 2006ko udan. Aurrekoak ez bezala, ez enkarguzkoa, ez tematikoa. Bat-batekotasunean eta bertsoan oinarritutako zerbait, musika lagun eta betegarri izango zuena.

Hitzetan, lehen pertsonan eta beraien ahotik ari dira honakoan bi bertsolariak, dituzten kezka, hitz joko eta hausnarketak plazaratuz. Oholtzak, gainera, ardoa bezala ondu dituela esan genezake, entonatu eta abesterakoan emandako aurrerakada nabarmenak erakusten duen bezala.

Musikari dagokionez, bi bertsolarien ahotsek, soinuek, gitarrak eta bateriak sortzen duen ezhoiko elkartea aipatu zuen Zabala eskarmentudunak eta estrainekoz, estudioan inolako efekturik gabe eta ahalik eta biluzien grabatu dutela esan. Doinuen erabilera ere oparoa dugu, molde herrikoiak erabiliz orain, rapean edo balsean gero,

Hamaika lagun izan ditu ondoan boskoteak, hamaika kantuok osatzeko. Tartean, Txoni Larragoiti, Bixente Martinez, Carlos Subijana, Rafa Rueda, Javi Antoñana, Alex Ruiz de Azua, David Garcia eta Eneko Espino musikan, Ander Zabalza ahotsean eta Jon Olabarriaga teknikan, zuzenean grabatutako azken kantu harrigarrian.

2007ko uztailean Otxandioko Mekoleta auzoan, 008 estudioetan grabatutako lanak Xanpe izan du teknikari eta Josu zabala ekoizpen artistikoan. Bestalde, Asier Arroitak egin du artelana, azalean Corto Maltes, Fidel Castro, Marijaia, Mafalda, Maurizia, Amuriza, Xaho, Retegi, Joe Strummer, Mahoma eta beste askori gorazarre egiten diona.

Erronka berria

Bertso saioak antolatu ohi dituen Lankuk, plazaratu du diskoa. Erronka berri honetan, lana eskuratu ahal izateko lau modu eskaintzen dizkiote entzuleei. Batetik, Gipuzkoako bertsolari txapelketako saioetan eta taldearen zuzeneko emanaldietan eta bestetik Lanku zein Gu Ta Gutarrak taldearen web gunean.

Behin diskoa argitaratuta, zuzenekoekin jarraituko dute, azaroaren 9an etxean, Durangoko Plateruenan hasita. Bat-bateko jardunean bezain abil, web orri emankorra ere osatu dute. Bertan daude, besteak beste, orain arte egindako emanaldietako bideoak edo hartu-emanerako tartea: <www.gutagutarrak.eu>.

Fitxa

Izenburua: «Bertso berriak eta lagun zaharrak».

Partaideak: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala, Aitor Rubio eta Xanpe.

Zigilua: Lanku.

Salmenta : Internet bitartez eta Durangoko azokan (15 euro). Zuzenekoetan (12 euro).

Lehen zuzenekoa: Azaroak 9, 22.00etan Plateruenan (Durango).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo