GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Itziar Perez Segiko kidea

Falangisten probokazioaren gaineko gogoetak

Zergatik batetik ezker abertzalearen mobilizazioak legez kanporatu, herritarrak jipoitu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratu, eta bestetik, frankismoaren oinordekoak diren falangistei Donostiako kaleetatik paseatzen uzten diezue?

Urriaren 12an falangisten etorreraren probokazioaren harira, euskal herritarrok Euskal Herriaren independentziaren defen- tsan emandako erantzunaren baitan hainbat gogoeta plazaratu nahi genituzke:

Donostiako erantzunari esker, tertulistoen, politikarien, epaileen... mihiak eta lumadun txakurren arkatzek beraien suan erretzea eragin dute. Biolentzia bandaliko gisako salaketa antzuak egiten eta jendartea manipulatzen tematzeak lotsagarri utzi dituelako. Zer uste dute, herritarrok tentelak garela, ala? Zer sinetsarazi nahi digute, falangistak heldu diren egun berean hiri bat sutan ematea kasualitatea dela? Gazteria asperturik zegoelako edo eritasun piromaniakoak direlako gertatzen dela? Hortaz, zergatik justizia ez da arau-hauste sozial moduan aplikatzen? Euskal Herrian legeak zentzu politikoen arabera aplikatzen direlako?

Eta Aralarkook? «Ez dira ongietorriak, ez dira pasako» moduko lema ofentsiboak zabaldu ondoren, nola izan ahal duzue hainbesteko kopeta gazte borrokalarien jarrera kondenatzeko? Zuokin etorkizunik ez! Jakin ezazue hitz egiten jarraitzen duzuen bitartean, gazteok herri honen defentsan zein eraikuntzan antolatzeari eta borrokatzeko konpromisoari eutsiko diegula.

Bestalde, Donostiako alkatearen abilezia nabarmendu beharrean gaude. Beste behin ere, politikarako duen begi ona erakutsi baitigu. Bestela, nola uler daiteke Odonen lehen agerraldian herri borroka kondenatu beharrean Falangeren manifestazioa baimentzeagatik PNV salatu izana? Donostiarron aurrean herri borrokaren kondena asumiezina zuelako akaso? Herritarrok Falangearen probokazioari emandako herri erantzuna zilegitu dugulako akaso? Pentsatzen dugu zaila izan behar zitzaizula interes politikoen mesedetan zure printzipioak baztertzea.

Odon, dena dela, zergatik ez diozu galdetzen Zapaterori, hainbesteko talantea duenari, Falange legala izanik, zergatik Batasuna, Segi, Askatasuna, Udalbiltza, «Egin»... legez kanporatzen dituzten? Independentistok Espainiako konstituzio antidemokratikoa pitzatzeko gai izanik, Falange PSOEren eta PPren izaera faxista ezkutatzeko baliagarria delako? Edo PP eta PSOE Falangeren kontrolpean daudelako? Eta eragindako kalte ekonomikoekiko adierazi duzun haserrea? Aski duzu zure soldata gainontzeko langileen soldataren heinera jaistea, edo Donostiako etxebizitzekin espekulatzetik lapurtzen diguzuen diruarekin eraberritzea.

Aldiz, inoiz hau idatziko ez genuela uste bagenuen ere, gure bizitzan lehen aldiz zurekin bat egingo dugulakoan gaude, Odon. Hau da, Ibarretxe, zergatik ezker abertzalearen mobilizazio eta ekitaldiak egunerokoan legez kanporatu, herritarrak jipoitu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratzen dituzuen bitartean, frankismoaren oinordekoak diren falangistei Donostiako kaleetatik paseatzen uzten diezue? Ez dituzu euskal herritarron eskubideak ordezkatzen, ala? Dena dela, aholku bat emango dizugu. Hobe duzu kanporatzea justifika ezina justifikatuko zuela pentsatu eta erabaki zuena, Auzitegiak falangisten manifestazioa ez legez kanporatu izanaren arrazoiak publikatuz, halako kalkulu politikoekin hainbeste maite duzuen poltrona galduko duzue-eta.

Amaitzeko, herriaren hitza geure eginaz Donostiako kaleetan Euskal Herriaren defentsan borrokatu ziren gazte guztiei eskerrak eman beharrean gaude. Euskal Herriaren ukazioa zein zapalkuntza agerian uztearekin batera, gatazka politikoaren gordintasuna eta Alderdien Legearen izaera politiko antidemokratikoa islatu izanak politikarien, epaileen, hedabideen... hipokrisia agerian uztea lortu duzuelako. Ynestrillas eta konpainiak `Txakurrondon' elkarretaratzea eraginez egun horri begirako probokazioa geldiaraztea lortu duzuelako. Emandako erantzun eredugarriak erreakzioak eragin dituelako, bestela ez baitzuen inork hitz erdirik esango. Edo norbaitek oroitzen al du aurreko urtean falangistak Iruñean nahi bezala manifestatu zirela?

Egun horretako garaipena belaunaldi oso baten oroimenean geratuko da. Eta Ynestrillas, jakin ezazu, hurrengoan tankeekin etorriko zarela badiozu ere, euskal gazteok borrokarako grinez erantzungo dugula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo