Xabier Izaga Irakaslea
Kontu astunak
Ostiralero bezala, asteko edozein egunetan bezala, atzo, edo herenegun, ezker abertzaleko militante edo jarraitzaileren bat atxilotu edo kartzelatu zuten. Egun berean edo aurrekoetan langileren bat hil zen bere lanpostuan eta beste hainbat zauritu. Hilda edo zaurituta gertatu ziren, hala berean, zenbait emakume tratu txarren ondorioz... Badakit astun samarra naizela zerrenda honetara maiz, oso maiz, horrelakoak ekartzeagatik. Eta ikaragarria da maiztasunak normaltasun itxura ematea. Izan ere, horiek guztiak gertatzen diren gauza normalak dira, nonbait. Ezkerreko abertzaleen tokia kartzela baita; langileak hiltzea, berriz, inork ez du nahi, baina arrisku hori onartu egin behar dute, lanaren berezko ezaugarria balitz bezala -eta, gainera, horretarako jasotzen dute soldata-. Emakumeak gizonen esku hiltzea ere normala da; ez justifikatzeko modukoa, baina normala, gizartea den modukoa baita, eta zer egingo diogu. Beraz, gehiegizkoa dirudi egunero, edo astero kontuok hizpide hartzeak.
Kontuz, ordea, udal batek zer musika talde kontratatzen duen, museo batek zer obra onartzen dituen eta obra horietan zer hitz dauden sobera edo faltan. Biktimak -eta Gobernu espainolarentzat bezala Lakuakoarentzat ere biktimak zehatz-mehatz definituta daude, betiere ETA akronimoari lotuta- irainduta senti litezke eta. Kongresu espainolak onartutako Memoria Historikoaren Legea ere biktimetan biktimenen iraingarri omen da; hainbaten memoriaren iraingarri den Legea. Eguneroko edozein gertaerak, jarduerak, edozein adierazpenek mindu lezake jende hori, baina ea nork esaten duen astunak direla, bakea emateko txitean-pitean kontu hori hizpide izan gabe.
Badakigu sufritu eta sufritzen dutela. Inork ez die mina ukatzen, eurek beste askori ez bezala. Jaime Mayor Orejaren azken adierazpenek oso ondo ilustratzen dute jarrera hori. Berak lasai asko bizi izan zen frankismoan; hortaz, denok bizi izan ginen halatsu eta ez dago zer salaturik. Ez zait gaizki iruditzen Mayor Orejak halako adierazpenak egin ahal izatea, beste batzuek uste dutena ezin esatea baizik. Horiek, demokrata ez omen direnez, baztertu eta Oreja eta gisakoak demokraten eredu hartzea. Bi faktorek erabakitzen dute haien arteko aldea. Bat, legalitatea. Bestea ez dut esango. Nabariegia da.