GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Angula biltzaileek hasi dute denboraldia

«Zenbat eta zenbat gau alerik ere jaso gabe»

Laster, konturatzerako, hasiko dira komunikabideak duten prezio ikaragarriaren berri ematen. Ordura arte inor gutxik pentsatzen du anguletan -hobe gainera- eta are gutxiago horiek biltzeko orduak eta orduak ematen dituzten anguleroetan. Luis San Sebastianek hirurogeita bi urte daramatza eta inork baino hobeto ezagutzen ditu angula biltzearen nondik norakoak.

p004_f02.jpg

Maider EIZMENDI

Ume koskorra zela; hamahiru urte eskas zituela irten omen zen lehen aldiz aitarekin angulak biltzera, baina ordurako lardaskan aritua zen eta etxean ikusi eta entzundako guztiagatik angula biltzeak ez zuen sekreturik Luis San Sebastian aginagatarrarentzat. Laurogei urte egingo ditu datorren apirilean eta oraindik, «makaltxoago» bada ere, angula biltze garaian arretaz zaintzen ditu bai itsas-mareak bai ilargiaren aldiak, ala hartu eta Oria ibaian gora-behera hasteko.

Joan den urriaren 4an abiatu zen angula biltzeko garaia eta martxoa arte luzatuko da. «Azaroan-edo» hasiko omen da Luis, «oraindik ere gutxi dago-eta». Hala ere, batetik eta bestetik datozkion berrien zain egoten da. «Bateren batek kanpaia jotzen badu, hemen -Oria ibaia Usurbil eta Orio bitartean luzatzen den eremuan- jarduten duten angulero guztiak egingo dugu proba, ea zortea dugun». Orain urte batzuk, sasoi honetarako, angula mordoxka biltzen zutela dio, baina «urtetik urtera» gutxiago omen da. «Orduan 6 edo 10 kilo hartzea ez zen harritzekoa, orain berriz ia ezinezkoa da».

Pilarika bezperan egin zuen lehenengo saialdia, guri erakusteko jaso nahi omen zituen, eta askorik ez badago ere, inoiz angulak ikusi ez dituen bati zer diren erakusteko eskukadatxo bat jasoa zuen. «Hau bi ordutan!», barre egiten du. Gustura gainera, nahi baino gehiagotan egokitu zaizkio-eta alerik hartu gabe etxeratutako gauak. Aurtengo denboraldiari zer tankera hartzen dion galdetuta, ondo jakiteko modurik ez dagoela argitu du, «baina garai honetan gutxi egotea seinale ona ez».

Angula biltzean ez ezik, lanpernetan ere aritu zen gazteagoa zela. Baina lanean, beharrak bultzatuta, arrantzale gisa aritu zen, hamalau urterekin itsasoan lanean hasi baitzen, «soldaduskara joan arte». Handik bueltan lantegi batean ekin zion beharrean eta zegokion lan turnoaren arabera irteten zen alaz angulak biltzera.

Etxetik hogei bat metrora ditu amarratuta bi ala. Oraindik ere sasoiko dagoela bistan dago, saltoka ez bada ere, arin aritzen baita batetik bestera, baia eta angulak gordetzeko kaxarekin. Hala ere, gehientsuenetan semearekin joaten da, bakoitza ontzi banatan. Batez ere ibaiertzean jarduten dute haiek, hau da, ontzia itsasertzean egonkortuta. «Orain horrela, baina lehenago motordunarekin aritua naiz, sarea handiagoarekin gora eta behera».

Garai honetan eta eguzkia ezkutatzen denetik argitu arte asko omen dira inguru honetan angula batzen aritzen direnak. «Hiri bat ematen du honek, argi handiak erabili behar izaten dira, eta guztiak batera ikusteak...». Gomendatu digu, gainera, mugimendu guztiak ikusi nahi izanez gero, nora igo behar dugun ere: «Benta aldera joan eta bertatik ikusiko dituzu denak».

Luis ibaiertzean aritzen bada ere, ez da geldirik egoten den horretakoa, maiz Oriora ere joaten baitira semea eta biak pixkanaka-pixkanaka. Angulek gauaren iluntasuna dute maite mugitzeko eta orduan ibaira egiteko beste erremediorik ez dute izaten harrapatu nahi dituztenak. Gauez eta itsasgora hasten denean, gainera. Eskatzen hasita, ilargi berri, ur nahastua eta itsasgora dela, horrelakoxeak eskatuko lituzke Luisek gauak, orduan izaten baita angula gehien harrapatzeko parada. Hala ere, tentuz egon beharra dago, «gutxien espero denean» iristen baita zorteko gaua.

32 kilo gau bakar batean

Bestelakoak gehiago izaten diren seinale, Luisek ondo gogoan hartuak ditu zorteko gau horiek. «Orain urte asko ilunabarrean joan eta eguna argitu arte egon nintzen angulak biltzen, horrenbeste angula eta ezin etxeratu». Egun hartan etxera itzultzen ez zela-eta emaztea ere arduratu egin zen eta semea bidali zuen bila «lasai, ederki ari nauk-eta» esan omen zion. Goizean angulak biltzeko kaxa leporaino beteta itzuli zen etxera. 32 kilo, alajaina!. Mauka ederra. Orduan, ordea, angulak ez zirela gaur adina ordaintzen esaten digu segidan. Prezioari helduta eta Gabon garaian edota San Sebastian Egunean bolo-bolo aipatu ohi diren euro mordoaren inguruan galdetzean, azkar bota du: «Guri ez digute angula kiloagatik horrenbeste pagatzen». Ez dute, ordea, produktua non saldu arazorik izaten, normalean, Aginagan dagoen angula banatzaile bati saldu ohi badizkiote ere.

Gogoan du, bera txikia zela, angula produktu preziatua zela, «baina ez orain bezainbeste». Berak argi du prezioen gorakadaren arrazoia: «Gutxi dago, eta urri den produktu guztiekin gertatzen den moduan garestitu egin da». Ondo garestitu ere, iaz azaroaren hasieran arrandegitan bertako lehen angulak 720 euroan jarri zituzten salgai. Hala ere, pagatzen dietena ondo irabazia dute, neguko hotza, erreka bazterreko hezetasuna eta eguraldi txarraren trakeskeriei egin behar izaten baitie aurre ezer jasoko ote duten jakin gabe. «Ez da xamurra izaten askotan».

Asko jasotzen dutenean hobe, baina saltzeko adina jasotzen ez dutenean ere ez da tristura handirik, angula alerik ez baita alferrik galtzen. Pilarika bezperan bildutako eskukadatxoa ere gustura jango dutela esan du; izan ere, Luis zalea da oso. «Asko gustatzen zaizkit, baina emazteari gehiago, gustura jango ditu», dio.

Angulak biltzen bai, baina sukaldean horiek prestatzen ikasi al duen galdetuta, sekretu handirik gabeko platera dela dio «asko jakin beharrik ez dago». Angulak oxigenodun uretan egon ohi dira jaso eta gero, hala, 20 egun ere iraun dezakete bizirik. Sukaldean ezertan hasi aurretik, angulak hil behar dira eta horretarako, hoberena tabakoa bera dela dio: «Tabako ura bota eta bat-batean hiltzen dira, pentsa zein txarra den erretzea», dio barrezka.

Gainerakoan angula ederrak prestatzeko egosterakoan puntua hartzea omen zailena. Horretan asmatuta, baratxuri apur bat eta piper minaz gozatzea nahikoa dela kontatzen du, «eginez ikasten da, baina zailtasun handirik ez dute». Zortekoak angulak nola egiten diren arituaren arituaz perfekzionatzeko aukera izan dutenak, askok hartuko lukete. Nahi adina jaterik ez dago ordea, eta Luisek eta familiak ere egun bereziak aukeratzen dituzte angulak bapo jateko. «Guk Urte Zaharretan egin ohi dugu, familia bildu eta angulak jan, baina ez da beti izaten».

Ezin da angulak jasotzeaz bizi, horixe dio Luisek, baina laguntza gisa balio du. Orain afizioz aritzen da Luis, ohiturak adinarekin uzteak sortzen duen amorruagatik, akaso. Berak dio, angula biltzen arituko den azken urtea duela, makalduta ikusten du bere burua, baina batera eta bestera joateko erakusten duen arintasuna ikusita kostatu behar zaio etsitzea.

Ez zaio bestelakoan ere afiziorik falta, bere alak eta tresneria erakutsi dizkigun harrotasun berarekin eraman baikaitu etxepean duen baratzera ere. Angulak bai, baina ia beste hainbesteko aprezioa duen babarruna ereiten ere saiatzen da Luis. Orain jaso berria du eta lehortu ostean, aletzen saiotxo bat egin beharrean dela dio. Aspertzerik ez zaio gustatzen nonbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo