Joseba I. Ouviña Morillas Telefonica-Gipuzkoako Langileen Batzordearen lehendakaria
Telefonicako bezero euskaldunei
Enpresa honetan lan egiten duten Hego Euskal Herriko langileek azken hogei urteotan indarrean izandako formaziorako egitasmo bat baliatu ahal izan dute euskara ikasteko. Egitasmoak berak zituen baldintzek eta azken hamarkada honetan lanpostuen galera itzelak (bi enplegu-erregulazio espediente tartean) plana bera indargabetu dute eta ia-ia ezerezean geratu da. Duela urte batzuk Telefonicak call center bat ere eratu zuen Donostian bertan, 1004ra egiten diren deietan euskara erabili nahi zutenentzat. Gaur egun, baina, ematen den zerbitzua elebiduna da euskarazko deiak gero eta urriagoak omen direlako. Eta ez gaitu harritzen, dei hauen kudeaketa ez baita batere erosoa, eta askotan beste zentroetara desbideratzen dira. Egia da, halaber, nahi duenak norberaren faktura euskaraz ere jaso dezakeela, baina horrek ez gaitu asetzen. Euskaldun guztiok merezi dugun errespetua eta dagozkigun eskubideak ez daude bermatuta. Oso urrun gaude oraindik ere
Sindikatuok urteak daramatzagu egoera honi buelta eman nahian, bezero euskaldunek merezi duten arreta eta, jakina, horretarako behar den langileen formazio duina izan ditzagun. Askotan saiatu gara konponbideak eta egitasmo berriak abian jartzen, baina hau ez da batere samurra enpresak jaramonik egiten ez badigu. Gu gure lana egiten ari gara: informazioa bildu eta egoera soziolinguistikoa eta lan baldintzak aztertu ondoren, neurri ezberdinak proposatzen ditugu, lau herrialdeetan diren sindikatu guztiok sortutako manifestu batean. Horretan bi arlo nagusi bereizten ditugu: bezeroei eman beharreko tratamendua eta langileriaren euskalduntzea. Ateratako ondorioak eta hartu beharreko neurriak helarazi dizkiogu enpresari. Eman diguten erantzuna izan da euskararekiko sentiberatasunik ez duenarengandik espero daitekeena. Hala ere, ez gara makurtuko!
Ez dezagun ahaztu espainiar jatorria duen multinazional batez ari garela eta «beharturik» sentitzen ez bada, ez dela gure errealitatera egokituko. Telefonicak onartu behar du bere zerbitzuak (publikoak!) euskaldunon herrian ere ematen dituztela. Horregatik zuzentzen natzaizue bezero euskal hiztunoi, behin eta berriz, erraldoi honen aurrean zuen eskubideak aldarrikatu ditzazuen. Aurreneko hitza euskaraz! Telefonicako euskal langileok zuen laguntza behar dugu, ea denon artean behar den haizea ematen diogun euskarari!