Plasil igandera begira «konfiantzaz gainezka» ageri da
Erdilari txekiarrak Almeriaren aurka Alemaniari sartu zion gola «errepikatzea» du buruan. Bestetik, Zigandak estrategia jokaldiak landu ditu Taxoaren
GARA | IRUÑEA
Jaroslav Plasil erdilari txekiarra izan zen atzoko entrenamendu saioen osteko protagonista. Ez zuen atzoko entrenamendua osorik egin berandu iritsi baitzen, baina arazorik gabe amaitu zuen saioa.
Bere selekzioarekin 2008ko txartela lortuta Alemaniari Munichen 0-3 irabazi ostean, eta hori gutxi balitz, gol bat ere sartuta, Plasil «konfiantzaz gainezka» azaldu zen Taxoareko prentsa aretoan. Oraingo bere helburua Almeriaren aurka ere golegile gisa «errepikatzea» dela esan zuen.
«Eurokoparako sailkapena lortzeak moral handia ematen du, noski. Irabaztea beti izaten da garrantzitsua eta are gehiago golen bat sartu ahal izanez gero», aitortu zuen Plasilek.
Behin golak sar ditzakeela erakutsi ondoren, talde gorritxoarekin bere aurreneko golak sartzeko borondate sendoa ere erakutsi zuen txekiarrak.
«Pozik nago, bai, Alemaniaren aurka gol bat sartu nuealako. Nahiago nuke Osasunarekin ere hemendik lasterrera hori errepikatzea. Nik uste denbora kontua baino ez dela. Gainera, benetan ardura duena taldeak irabaztea da», aipatu zuen.
Bestetik, bere selekzioarekin 90 minutuak jokatu ditu astean eta kazetariek beste 90 minutu eusterik ba ote duen galdetuta, baikor erantzun zuen Jaroslav Plasilek.
«Igandean Almeriaren aurka 90 minutuak jokatzeko moduan nago. Ongi nago eta irabazteko ahaleginak egingo ditugu», amaitu zuen.
Estrategia jokaldiak
Ohiko programatik kanpo, ez zen errekuperazio saiorik izan atzokoan Taxoaren, nahiz eta entrenamendu saio lasaia burutu Zigandaren mutilek. Horren ordez, estrategia jokaldiak behin eta berriz errepikatu zituzten gorritxoek.
Jokalari guztiak izan ziren Jose Angel Zigandaren aginduetara. Guztiak, Carlos Vela mexika rra izan ezik, bere selekzioarekin jokatu ostean, ezin izan baitzuen atzoko entrenamendura iritsi. Hala ere, gaurko azken entrenamendu saiora iristekoa da, talde nafarra charter hegaldi batez Almeriara abiatu aurretik.
Atzokoan ikusitakoari jaramon eginda, Vila-reali 3-2 irabazi zion hamaikakoa errepikatzekotan omen da Ziganda. Egia da, noski, hamaikako hori ezingo duela entrenatzaile nafarrak bere osotasunean atera, Ricardo atezaina eta Josetxo Romerok partida bateko zigorra bete beharko baitute. Horien ordez, Juantxo Elia ordezko atezaina eta Krutxagak jokatuko dutela dirudi.
Albiste pozgarrien artean, berriz, aipagarria da Walter Pandiani aurrelariak entrenamen-duaren zati bat bere taldekideekin batera egin zuela. Dena den, irailaren 30ean lesionatu zenez geroztik, Pandianik oraindik ez du jaso alta. Hegoamerikarraz gain, Delporte, Igotz Garde eta Nekounamek min hartuta daude oraindik ere.