Aizkora Txapeldunen Ligako finala
Nazabalek txapelak pilatzen jarraitzeko aukera dauka
Gaur arratsaldean, Altsasun jokatuko duten finala irabazteko faborito nagusia da. Berarekin batera, Larretxea, Arrospoide eta Arria V.a ere izango dira
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Floren Nazabalek txapelak pilatzen jarraitzeko aukera paregabea dauka. Bi astetan Nafarroakoa eta Euskal Herrikoa bereganatu ditu, eta gaur Altsasun, Txapeldunen Ligako finalekoa irabazteko aukera du, finalean (18.00) izango baita.
Ligan lehenengo izan da Etxarrikoa, eta horri dagokion txapela jantziko du, baina garrantzitsuena azkeneko egunekoa da, eta hori ere bereganatzen saiatuko da. Neurketa horrek, ordea, ez du zerikusi handirik izango aurreko bi igandetan jokatu duten finalekin. Izan ere, haietan lan luzea izaten da eta hemen, ordea, lan laburrak eta azkarrak izango baititu.
Euskal Herriko txapeldunarekin batera, Arrospide, Larretxea eta Arria V.a izango dira finalean. Aizkolari bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu arituko dira. Hori amaitutakoan, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra neurtuko dira. Hirugarren lanean, aizkolariak 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda moztu beharko dituzte. Laugarrengoan, 60 ontzako enborra zeinek azkarrago moztu neurtuko dira, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko dituzte. Denak amaituta, punturik gehien lortzen dituen aizkolariak eramango ditu finala eta txapela.
Beteranoak eta gazteak
Floren Nazabal izango da inolako dudarik gabe txapela janzteko faboritoa. Etxarrikoa sasoi betean dator, bi lehiaketa garrantzitsu irabazita, eta horrek haien tamaina bera ez badu ere, irabaztea denei gustatzen zaie, eta horretan ahaleginduko da. Lehen fasean erakutsitakoa baieztatzen saiatuko da.
Larretxeak lortu zuen iaz Euskal Herrikoa, baina aurten ez du parte hartu. Gerrian arazo handiak izan ditu-eta, luzaro aritzeko moduan ez dago. Hemen, or- dea, laburrak dira eta, beraz, berari oso ongi etortzen zaizkion lanak dira. Hala, ahalegin osoa egingo du Nazabal estutzeko.
Anjel Arrospide lehiatzen ikusteko Urrezko torneoetan ikusi behar da, txapelketa ofizialetatik kanpo baitabil. Hala ere, mailarik ez zaio falta, eta hemengo lanei primeran egokituko zaie Leaburukoa. Lehen fasea ere ona egin du, eta finalean ere lan on bat egin nahiko du.
Arria V.a da txapelketa ofizialetan ez dabilen beste aizkolaria. Aizkora utzita egon ostean, Urrezko lehiaketetan itzuli da, eta une onetan oso ongi dabilen aizkolaria da. Honako lanak beretzat egokiak dira, baina baita lan luzeak ere prestatzen baldin bada. Askoren ustez, bera litzateke Nazabali aurre egin diezaiokeen bakarrenetarikoa, baina oraingoz lan laburretan baino ez dira arituko.
Orain dela astebete Donezteben jokatu zuten lehiarekin alderatuta, Altsasuko deman ez da lana bakarrik aldatuko, aizkolarien zerrenda ere oso ezberdina izango baita.
Nazabal da final hartan izan zen bakarra, beste hirurak ¯Ez Larretxea, ez Arrospide ez eta Arria ere¯ ez baitziren lehiaketa horretan izan.
Adinean, parekotasunik izango da, bi aizkolarik, Arrospidek eta Larretxeak 40 urte pasatuta baitaude; beste biak, berriz, Nazabal eta Arria, hortik behera daude.
Finala bera ere erakargarria da, izen handiko kirolariak baitira han nor baino nor arituko direnak, eta zaleek, gainera, Arria ikusteko ere gogo handia dute.
Urrezko Aizkorako lan guztietan bezalaxe, aizkolariek lan oso azkarrak izango dituzte. Bost proba ezberdin egin beharko dituzte, eta haien amaieran punturik gehien biltzen duenak irabaziko du txapela
Lehen fasean, ligan, alegia, Floren Nazabal izan da onena, 18 puntu lortu baititu, eta bi gutxiago Larretxeak, eta badirudi finala ere bien artean egon daitekeela, nahiz eta beste bientzat ere lan egokian den honako hau