Koska bat gorago eginda, asteburuan segituko du G Puntuaren lehia jendetsuak
Aretoak lepo eta bertsozaleak sartu ezinda. Hori da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak lehen fasean utzi duen argazkia. Gaur abiatuko dira final-laurdenak eta pentsatzekoa da are jendetsuagoak izango direla.
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
Pasatu da kasik hilabete Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen bertsoa entzun zenetik. Ordutik asko entzun dira, onak batzuk eta kaskarragoak besteak. Hasterako espero zen txapelketa jendetsua izango zela aurten, bai oholtza gainekoan -79 bertsolarik parte hartuko dute- baita oholtzatik behera ere, lau urtean behin izaten den hitzorduak jende asko mugitzen baitu Gipuzkoan.
Aurreikuspen onenak bete dira. «Gure aurreikuspenak, entzuleei dagokienez, bikoiztu eta kasu batzuetan hirukoiztu egin dira», agertu du Oroitz Azurmendik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. Batez beste 230 entzule izan dira lehen faseko saio bakoitzean. «Ez genuen halakorik espero inondik inora eta entzule asko geratu dira kanpoan», jarraitu du Azurmendik.
Orioko, Usurbilgo eta Arrasateko saioetan jende askok kanpoan geratu behar izan zuen toki faltagatik. Usurbilgo saioan, 50 lagun inguru geratu zen Sutegi kultura etxera sartu ezinda. Arrasateko saioan, berriz, ehun lagundik gora geratu zen kanpoan. «160 lagunentzako edukiera dago kultura etxean eta 210 lagun kabitzeko modua jarri genuen. Baina, hala ere, beste 60 lagun inguru sartu ezinda geratu ziren. Hartara, kultura etxe ondoko plazan megafonia jarri genuen kanpoan zeudenek saioa jarrai zezaten», kontatu du txapelketako koordinatzaileak.
Zumarraga-Urretxuko saioa Zelai Arizti aretoan izan zen. Bertan, 310 lagunentzako tokia dago, eta hasieran talde antolatzailea beldur zen saioa huts samar eta hotz geratuko ote zen. Azkenerako, aretoa bete egin zen eta bertsozale batzuek ezin izan zuten sartu. Hemendik aurrera pentsatzekoa da oraindik eta jende gehiago mugituko dela final-laurdenetako saioetan. Asteburu honetarako hitzorduak Azkoitian eta Irunen daude jarriak, eta 540 eta 610 lagunentzako tokia izango da hurrenez hurren. Azken final-laurdena Tolosako Usabal kiroldegian izango da azaroaren 4an eta, azkena izanik, jendetsuagoa espero da. Hartara, 1.200 lagunentzako tokia izango da.
30 bertsolari final-laurdenetan
Guztira 72 bertsolarik parte hartu dute lehen fasean, eta horietatik 23 pasatu dira final-laurdenetara. Gaur bertan abiatuko den bigarren fasean aurreko txapelketan finalista izandakoak igoko dira G Puntuaren trenera. Zazpi bertsolari sartuko dira lehian, zortzigarrena eta txapelduna, Maialen Lujanbio, ez baita aurkeztu txapelketara. Jexux Mari Irazu, Iñaki Gurrutxaga, Ekaitz Goikoetxea, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Jon Martin eta Amaia Agirre dira bigarren fase horretan sartuko direnak. Hartara, guztira 30 bertsolari lehiatuko dira final-laurdenetan. Bost saio jokatuko dira, lehenengo biak asteburu honetan bertan; hurrengoak urriaren 27an eta 28an -Eibarren eta Zumaian hurrenez hurren- eta, azkena, azaroaren 4an, Tolosan.
Lekua: Azkoitiako Baztartxo Antzokian, arratsaldeko 18.00etan.
Eguna: Urriaren 20an.
Bertsolariak: Iñaki Gurrutxaga, Jexux Mari Irazu, Agin Rezola, Xabier Sukia, Unai Agirre eta Joxe Munduate.
Lekua: Irungo Amaia Antzokian, arratsaldeko 17.00etan.
Eguna: Urriaren 21ean.
Bertsolariak: Jon Martin, Uxue Alberdi, Iñigo Izagirre, Unai Muñoa, Aitzol Barandiaran eta Josu Oiartzabal.