Nafarroa Behereko eta Zuberoako haurrentzat etxetik hurbil euskaraz ikasten segitzeko aukera
Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat haurrek, ama eskolako ikasketak burututakoan, euskaraz ikasten segitzeko ez dute urruneko ikastetxeetara joan beharko, Oztibarreko ikastolak eta Manex Erdozainzi-Etxart kolegioak egoitza osagarri berriak baitituzte Larzabalen. Egoitzen gastuak Seaskak hartu zituen bere gain, baina altzariak, material pedagogikoa eta gainerako hornidura ikastolak eta kolegioak lortu behar dituzte. Horiek guztiak erosteko 110.000 euro bildu behar dituzte; hori dela-eta, gurasoek sortutako Pagatxa elkarteak abian jarri du sostengu kanpaina.
Oinarrizko eta zentzuzko eskubidea da haurrek beren hizkuntzan, gurasoek hautatutako hizkuntzan eta etxetik hurbil ikastea. Hala ere, Zuberoako eta Nafarroa Behereko haurrei ez dizkiete eskubide horiek errespetatu. Sostengu osoa merezi dute, hortaz, guraso horiek. Berri pozgarria da, inondik ere, Euskal Herrian bezala beste edonon ere, nahi den hizkuntzan -areago norberarenean-, ikasteko eskubidea errespetatu eta erraztea. Berri ona baina, berriz ere, nabarmen geratu da herritarren ekimenak bete behar dituela instituzioek estali gabe dituzten zulo ugari eta handiak.