Antzezlan artean, eztabaidarako parada aperitifa kritikoan
Baionako eta Biarrizko Translatines antzerki jaialdiaren barnean, egunero aperitifa kritikoa antolatzen dute jaialdiko arduradunek. Bezperako antzezlanei buruzko eztabaida, iritzi trukatze, solasaldien... tenorea izaten da, eguerdiro Baionako Pyrenees ostatuan.
Eneritz ZABELTA | BAIONA
Zertarako balio du arteak, norberak kontsumitu, eta pieza batek sortu dizkion emozioak partekatzen ez baditu? Antzezlana, ikusteko egina baino, ikusleari zerbait komunikatzeko eginda dago, eta ikusleak elkarren artean lanari buruz mintzatzeko. Latinoamerikako antzerkiari buruzko Translatines jaialdiak, bada, eztabaidarako, gogoetarako eta solasaldirako aukera ematen dio edonori egunero.
Hitzordua, Baiona Ttipiko Pyrenees ostatuan egiten dute antzerki eta solasaldi zaleek. Bezperako antzezlanei buruz, ordubeteko iritzi kontrajarri, sumindura, irri, umore ateraldiak... partekatzeko tartea da aperitifa kritikoarena. Jaialdiaren eguerdiak animatzen dituen tartea. Garai bateko «kafe filosofikoak» berriz ere modan ipini dituen tartea.
Galderak eta iritziak dantzan
Zein da antzerkiaren funtsa? Mozorrotzearen plazera? Norberak gorputzean arriskua sentitzea? Zergatik hautatu dute «Okasiozko amodioak» izenburua Chimeres antzerki taldekoek beren azken lanean? Galderak, zaparrada bizien pare erortzen dira. Guztiaren zentzua jartzen da kolokan. Antzezlanari, artisten lanari, eta, oro har, antzerkiari, azken tantaraino ateratzen zaio zukua. Galdera ausarki badira, baina bakoitzak bere erantzuntxoa emanez eraikitzen du eztabaida. Erantzun- txiki zama horrek, azkenean erantzun erabatekorik gabe uzten du eztabaida. Azken finean, erantzun orokor bila dabiltzanek, galderak planteatzera mugatzen direnek baino dezente gutxiago baitakite. Galderak dakar eztabaida, elkar trukea, eta erantzunak ezjakintasuna.
Aperitifa kritikoa, galderak egiteko, eta, batez ere, partekatzeko unea bada ere, norberaren gustuak oposizioan jartzen ditu batzuetan. Horrela, Andeetako teatroaren «Otra vez Marcelo» lana dela-eta, ikusleek iritzi kontrajarriak izan zituzten.
Alde batetik, antzezlanaren balio artistikoak, eta aktore joko txarrak desengainatutakoak. Bando horretako anitz, aktoreak, antzerki munduko profesionalak eta adituak. Beste aldetik, lanaren adore politikoa, eta indigenen kontrako torturak amodioaren ikuspegitik begiratzeko hautuak liluratu zituenak. Idealez beteriko antzerki eskolako ikasle gazteak gehienak. Argumentu trukea, batzuen txaloak, besteen ezezko keinuak.
Gaur eguerdian eginen da aurtengo jaialdiko azken aperitifa kritikoa.