GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urriaren 26an eta 27an, Baionan, autonomiaren beharra gizarteratzeko Foroa

Autonomia Eraiki I Foroa antolatu du izen bereko gogoeta taldeak, hilaren 26 eta 27rako, Baionan. Ipar Euskal Herriaren ezagutza instituzionalaren gaineko eztabaidan «urrunago» joan nahi dute ekimen horrekin.

p014_f01-148x104.jpg

Mikel JAUREGI |

Autonomia Eraiki taldeko kideak iazko urrian hasi ziren biltzen, autonomiaren beharra plazaratu eta gizarteratzeko sasoia zela ondorioztatuta. Aurtengo Aberri Egunaren bezperan egin zuten lehen agerraldi publikoa, apirilaren 7an, 150 bat herritarren babesarekin. Egitura politiko bezala antolatzea, aldiz, ekainean erabaki zuten. Orain, beste urrats bat eman dute eta jardunaldiak antolatu dituzte urriko azken asteburuari begira.

Foro horren berri atzo eman zuten, Baionan egindako prentsaurrekoan, Gabi Mouescak, Audrey Hocqek, Vianney Cierrek eta Ttotte Etxebestek. Azken horrek azaldutakoaren arabera, «gu ez gara alderdi politi- ko bat, eta ez gara inongo alderdiri loturik. Uste baitugu autonomiaren beharraren eta aldarrikapenaren gaiak alderdien arteko eztabaidatik eta liskarretatik kanpo egon behar duela»..

«Pedagogia lana egin nahi dugu», gaineratu zuen. Hain justu, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak duten «autonomiaren beharra, eskaera bera, gizarteratu» nahi du talde horrek. «Gizartea murgildu nahi dugu eztabaida horretan», zehaztu zuen.

Erantzun bila

Ipar Euskal Herriaren erakundetzearen eta galdeketaren inguruan dagoen eztabaida «urrunago» eraman nahi dute. «Zer be- har dugu hiru herrialdeetan aurrera egiteko? Nola antolatu behar dugu? Halako galderak jarri nahi ditugu mahai gainean», azaldu zuen Etxebestek.

Aberri Egun bezperako prentsaurrekoari ere egin zion begiratua, «memento berezi batean» emandakoa. «`Bake prozesu' batean ginen murgildurik. Baina, geroztik, hankaz gora joan da; batez ere, estatuek ez dutelako Euskal Herria ezagutzeko borondaterik erakutsi».

«Orduan esan genuen elkarrizketa dela bidea gatazka konpontzeko, eta Estatu frantsesak pausoa eman behar duela: Iparraldearen ezagutza instituzionala», gogorarazi zuen. Azken ideia hori sakondu nahi du Autonomia Eraiki taldeak orain.

Halako ekimena udal hauteskundeen atarian egiteak esangura berezirik duen galdetu zioten kazetariek, eta berriz ere gogoeta talde horren funtsa zein den bota zuen: «Guk ez dugu boza bata edo bestearentzat eskatzen. Gai hau aspaldi dago mahai gainean, eta hori bultzatu besterik ez dugu egin nahi».

Bertako eta kanpoko gonbidatuak mintzaldietan

Jardunaldiak Baionako Unibertsitateko Amphi B aretoan egingo dituzte. Urriaren 26an, 20.30etik 23.30 arte, «Polinesia, Kanaky, bi estatutu berezi Frantziako Errepublikaren baitan» gaiaren gainean arituko dira lau lagun: Polinesiako mugimendu independentistako Victor Maamaatuaiahutapu; Parisen menpe diren estatu gabeko nazioekiko harremanetarako arduradun Thierry Pousset; Kanakyko Palika mugimenduko kide Henriette Uregei; eta Europako Kontseiluko aholkulari Jean-Pierre Massias.

Biharamunean, elkar-ezagutzarako prestaturiko tartearen ostean, Jurako (Suitza) Legebiltzarreko diputatu Pascal Prince, CiUko Jordi Veira, EBko Mikel Arana, Aralarreko Patxi Zabaleta, Me Yann Choucq abokatua eta Galesko eta Eskoziako autonomia prozesuetan aditu Frederique Roux arituko dira, 13.30etik 15.45era, ondokoaz: «Autonomia estatutu ezberdinak Europan». 16.00etatik 17.30era, berriz, Ipar Euskal Herriko indar politikoetako ordezkariek -eskuin muturrekoak salbu- «Autonomia, Iparraldearentzako instituzioa XXI. mendean?» gaia jorratuko dute. M. J.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo