GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaialdia antolatu dute Bilbon Ipar Euskal Herriko Oztibarre ikastolaren alde

Ipar Euskal Herriko ikastolek ez dute erakunde publikoen aldetik diru laguntzarik jasotzen. Horregatik, jaialdia antolatu dute datorren ostiralean, urriak 26, Bilboko Ayala antzokian Behe Nafarroako Larzabale herrian eraiki berri diren Oztibarre ikastola eta Manex Erdozaintzi-Etxart Kolegioen egoitzen hornidura finantzatzeko. Ikastola berrian 50 haurrentzako tokia izango da eta Kolegioan berriz, 200 gaztek ikasketak euskaraz egin ahal izango dituzte.

p016_f02_148x112.jpg

Manex ALTUNA |

Bilboko zenbait ikastolak atzo ezagutarazi zutenez, ekitaldi bikoitza antolatu dute hurrengo ostiralean Ayala antzokian, Behe Nafarroako Larzabale herrian eraiki berri diren Oztibarre ikastola eta Manex Erdozaintzi-Etxart Kolegioko guraso elkarteari laguntzeko. Ikastola berrian 50 haurrentzako tokia izango da eta Kolegioan 200 gaztek euskaraz egin ahalko dituzte ikasketak.

Urretxindorra Ikastolako lehendakari eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteko lehendakari Juan Carlos Gomez, Karmelo Ikastolako zuzendari Tere Omagojeaskoa eta Abusu Ikastolako lehendakari Arantza Urresti izan ziren agerraldian ekimenari sostengua emateko. Larzabaleko Ikastolako ordezkari Gabi Pagaburu eta Jojo Bordagarai izan ziren, eta gogoratu zuten Ipar Euskal Herriko ikastolek ez dutela diru laguntzarik jasotzen bertako erakunde publikoetatik.

Azaldu zuten, Seaskak egoitzen eraikitze lanen gastuak beregain hartu dituela Herri Urratsen bildutako diruaren bidez, baina hornidura Ikastola eta Kolegioak ziurtatu behar dutela. Altzariak, pedagogia materialak, kanpoko jokoak, ordenagailua eta abar erosteko 110.000 euro behar dituzte. Diru hori biltzeko, Ikastola eta Kolegioko gurasoek Pagatxa elkartea sortu zuten Euskal Herrian zehar hainbat ekitaldi antolatzeko. Kanpaina honen baitan da Bilbon antolatu duten ekitaldia.

Jaialdiari Pirritx eta Porrotxen ikuskizunarekin emango zaio hasiera, 18.00etan. Sarrerak Bilboko Abusu, Kirikiño, Karmelo, Deustua eta Urretxindorra ikastoletan eskuratu daitezke 10 euroren truke. 20.30etan, berriz, Larzabaleko Guraso elkarteak proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu, eta, ondoren, Erramun Martikorena eta Anje Duhalderen kantaldia etorriko da. Amets Arzallus eta Xabi Paia bertsolariak ere bertan izango dira. Oraingo honetan ere, sarrerek 10 euroko prezioa izango dute.

Azaroaren 24an bukatuko da Pagatxa kanpaina. Irati oihaneko zuhaitz nagusia denez, pagoa hartu dute kanpainaren sinbolotzat. Horregatik, eskuratzen duten diru laguntza bakoitzeko pago bat landatuko dute Oztibarren. Beraz, proiektuari laguntzen dioten guziek, pagadi berri baten hedapenean ere hartuko dute parte.

Urriaren 27an ekimen honen barruan Heletan kontzertuak antolatu dituztela ere nabarmendu zuten. Gatibu, 667 eta Ekintza taldeak arituko dira.

EGITARAUA

Arratsaldeko 18.00etan Pirritx eta Porrotxek beren ikuskizuna eskainiko dute eta 20.30etan Erramun Martikorena eta Anje Duhalde arituko dira. Amets Arzallus eta Xabi Paia bertsolariak ere han izango dira.

SARRERAK

Bilboko Deustua, Abusu, Karmelo, Urretxindorra eta Kirikiño ikastoletan eskuratu daitezke sarrerak. Umeentzat antolaturiko pailazoen ikuskizunak zein kantaldirako sarrerak 10 eurotan dira salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo