«Mintza euskaraz!» astean Ezpeletan hizkuntza erabiltzea bultzatuko dute
Eneritz ZABALETA |
Kontseiluak eta Ezpeletako Herriko Etxeak, Bai Euskarari ekimenarekin bat egin, eta «Mintza euskaraz!» astea antolatu dute Ezpeletan, urriaren 22tik 29ra.
«Astearen helburua, Ezpeletako herritarrak euskaraz mintzaraztea da. Biztanle askok euskara dakite, baina karrikan ez da oraindik aski entzuten. Jolasen bidez, euskara plazara eramatea espero dugu», azaldu zuen Kattin Iturralde, astearen antolatzaile gazteak. Horretarako, herriko merkatariei «Idekia-Ouvert» eta «Hetsia-Fermé» ezartzen duen plaka oparituko diete.
Hiztegitxoak banatuko dituzte
Horrez gain, dendetara doazen bezeroentzat, euskaraz elkarrizketa egiteko hiztegitxoak banatu dituzte, panfleto modura: «Era horretan, egunerokoan euskara erabil daitekeela erakutsi nahi dugu, eta euskara ez dakitenak `egun on' botatzera ausartu», azaldu zuen Laida Mugica, Bai Euskarari ekimenaren koordinatzaileak.
Ezpeletako Herriko Etxea, astearen laguntzaile izanen da. Gracie Florence, Ezpeletako auzapeza, arras pozik agertu zen astearekin eta Bai Euskarari ekimenak Ezpeletan egiten duen lanarekin: «Hogeita hamar saltokik Bai Euskarari ziurtagiria lortu dute. Aste hau bezalako urrats txikiekin, aitzinatuko gara».
Bestalde, herriko euskaltzaleek, Ezpeletako eskolekin batera, herriko istorio zaharren biltzea abiatu dute. Jasoko dituzten testu horiek guztiak, eskoletako haurrek eguberri garaia iristean kontatuko dizkiote elkarri, festa handi batean.