Lombardiako Giroa
Paolo Bettinik iazko epilogo berbera idatzi nahi du
Italiarra Lombardiako Giroa hirugarren aldiz irabazten saiatuko da. Gizon azkarren artean, Cadel Evans arituko da UCI Pro-Tourra eskura dezakeena.
GARA | DONOSTIA
Denboraldiko azken asteburuarekin batera, egutegiko azken handia heltzen da ere, Lombardiako Giroa. Eta 101 urte beteko dituen Italiako klasikoan, txirrindulari italiar bat saiatuko da protagonista izaten.
Paolo Bettinik iazko epilogo berbera idatzi nahi dio denboraldiari eta Munduko Txapelketari Lombardiako garaipena gehitu. Varesen hasi eta Comon hasiko den lasterketak, berez, merezi du ere Kilkerraren arreta, Alfredo Bindaren markara -hiru garaipen- berdindu eta Fausto Coppirenera -bost- gertura baitaiteke, aurreko bi urteotan irabazi baitu.
Bera da, dudarik ez, eguneko faboritoa, aurkari gogorrak izan arren. Damiano Cunego, Davide Rebellin edota Franck Schleck lasterketa gogortzen saiatuko dira, ibilbideak azken kilometrotan eskaintzen dituen mendatetxoak aprobetxatuta.
Horixe izango da, batez ere, Cadel Evansen helburua. Danilo di Lucaren zigorraren ondorioz, Lottoko txirrindulariak UCI ProTourreko lidergoa jaso du, denboraldia amaitzeko sari polita, Giro eta Tourreko podiumetan -ia Vueltakoan ere- egon ondoren. Abantaila polita dauka Evansek, baina oraindik ez du bere garaipena ziurtatu.
Bere aurkariek, Alejandro Valverdek eta Oscar Freirek, aukerak dituzte oraindik. Gutxi, lasterketa derrigorrez irabazi beharko bailukete, eta Evansek ezingo bailuke punturik lortu. Helburu egingarria, batez ere, Freireren kasuan, Lombardiako Giroa sprintean amaitzen bada. Rabobanki egokituko zaio Comoko kaleetan volatta gauzatzeko lana eta ia gainerako talde guztiei, beren liderrak gizon indartsuen ihesaldian sartzea.
Aukera izango dute, 242 kilometroko ibilbidearen azken zatia aldekoa izan arren, aurretik hainbat mendatetxo daude. Eguna gogor dezaketen bost mendate, hain zuzen ere.
Di Lucaren helegitea
Bertan egongo ez den protagonista izango du Lombardiako Giroak ere. Osteguna arte UCI Pro-Tourreko liderra zen Danilo di Luca, hain zuzen ere.
Etxetik jarraituko du lasterketa, Italiako Komite Olinpikoa zigorra jaso ondoren. Lana dauka italiarrak, hala ere, datorren asteotan, Kiroleko Arbitraje-epaimahaiara joko baitu, CONIren erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko. Gainera, justizia arruntera joan daitekeela aurreratu du eta, beraz, UCIren aurka arituko dira.