GARA > Idatzia > Kultura

«Kantua izan da niretzat frustrazio askoren espresioa»

p045_f01_148x152.jpg

PIER PAUL BERZAITZ, KANTUGILE ETA PASTORALGILEA

Duela 55 urte Muskildin jaioa, kantari eta kantagile fina da zuberotarra. Pastoralgile, emanak ditu bost. Abeslari, Guk taldean ezagutu genuen duela hogeita hamabost bat urte eta argitaratuta ditu hiru lan bakarlari. Azkena, 2005ean Elkar diskoetxeak plazaratu «Lili baten kantorea». Gaur, Bilboko Arriaga antzokian entzuteko aukera izango da, kantari.

Pier Paul Berzaitz kantari finaren ahotsak Arriaga antzokia beteko duela baliatu du GARAk kantariarekin elekatzeko. Egun, Oihenartek egindako amodiozko hogei bat poema musikatzen dabil zuberotarra -datorren urtean argitaratzeko-, baita Baionan Orreagari buruz egingo den herri ikuskizuna prestatzen ere.

Nondik duzu kanturako grina?

Normala izan da guretzat haurtzarotik abestea, etxean eta... elizan (kar,kar), adibidez. Lanetik landa eta lan gogorra izanagatik, gurasoek bazuten abestiaren gustu hori. Kantua izan da niretzat frustrazio askoren espresioa eta, bestalde, ikusita etxean eta herrian zer inportanta zen, beti gustuko izan dut eta beharrezko sentitu dut kantuaren bidea.

Kantari fama du zuberotarrak.

Bai. Lehen zuberotarrek asko abesten zuten; mendietan, lanean, tabernan... Orain hori ere gutxitu da baina kantuaren ohitura badago eta gazteek segitzen dute kantu tradizional hori naturalki abesten, elkarrekin biltzen direlarik.

Zuberoa, gurean ezezagun dena.

Egia da. Nire belaunaldiak gutxi ezagutzen zuen hemengo afera eta zeuek ere gutxi geurea. Euskal Herriko problema handi bat da hori, ezagutza gutxi dugu elkarren artean. Guk harreman handiagoa izan dugu Nafarroarekin, artzainekin eta, hurbilago delakotz Elizondo alde hori. Baina Bizkaira-eta gutxi pasatu gara. Horregatik, niretzat ohore handi bat da Bilbon kantatzea.

Zergatik harreman falta hori?

Zuberoan oso gutxi sortzen da eta, bestalde, ikusten dut hemendik («Hegoaldetik») ere oso gutxi etortzen dela hara. Memento honetan harreman gutxi da eta sorkuntza ere ez dut asko ikusten. Abeslari edo talde batek behar du gehiago sortu eta plazaratu. Bada iraultza ttipi bat teknologia aldetik diskoaren munduan, baina guk geure lana egin behar dugu. Berrikuntza egin eta plazaratu ahalik eta hobekienik.

Musikari legez, pastoralak zein diskoak ekoitzi dituzu.

Gehiago egin dut pastoral lanetan. Herri batek eskatzen badizu, ez da erraz ezetz erratea. Bestalde, disko bat egiteko behar da kontzertu anitz egin ene ustez. Lan inportanta da, ez da marketin produktu bat bakarrik, eta behar da egin zentzu batekin. Gauza ahulik ez dut nahi egin.

Gaur bizkaitarrak entzule.

Publikoarekin lotura hori da oso inportanta niretzat, baita Bizkaian kantatzea ere, arestian aipatu bezala gutxi egiten dudalakotz eta espero dut besterik sortuko dudala. Bestalde abesti berri zenbait jaulkiko ditut lehen aldikoz hemen, Bilbon, eta oso animatua naiz horregaitik, Arriaga antzokia oso toki berezia da-eta.

Anartz BILBAO

«Zuberoan pentsatzen dugu artea ez dela kontsumitzeko, behar dugu sortu»

Zein garrantzi du pastoralak zuretzat?

Badugu herritasun hori eta gure edukazioaren parte da pastorala, Zuberoan indar gehiena hartzen duena. Niretzat kantagintza da lan gehiena; sorkuntza, kontzertuak egitea.... Gero, ikuskizuna gazteriari abesteko eta dantzatzeko parada ematea ere bada. Besterik, dantzari gazte batek okasione oso gutxi du agertzeko. Lastimagarria sumatzen dut hori, esperientzia ona baita haientzat dantza, baita abestia ere. Zuberotarrok pentsatzen dugu artea ez dela bakarrik kontsumitu behar telebistaren edo interneten bidez, behar dugula geuk ere sortu.

Eta poesiak?

Pastoraletan beti idatzi ditut bai testuak bai musika baina diskoan maite dut poetekin harremanetan sartzea. Zenbaitetan poesia ez badugu musikatzen, ez da agertu ere egiten. Hala, olerkaria ere biziarazten da, animatu egiten dugu eta elkarri lagundu.

Zuberera iraunarazteko ere laguntzen du?

Bai. Adibidez, «Baratze bat» entzun dut arabarrek abestua ere, eta harritua naiz. Gauza ona da hori guretzat, oso gutxi entzuten delakoz zuberotarrez abesten.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo