GARA > Idatzia > Eskubaloia

Asobal Liga

San Antoniok irabazteko beharra du eta Arratek, aldiz, boladari eutsi nahi dio

p039_f02_222x222.jpg

GARA | IRUÑEA

Sailkapenean aurretik badago ere, Portland San Antonio eta Arrateren egoera kontraste hutsekoa da. Ademar Leonen aurka azken segundoan garaipenak ihes egin ostean, hutsik egiteko aukerarik gabe dago talde nafarra. Bestetik, hiru partida jarraian irabazita, bolada bikainean dago Arrate.

Pabiloi unibertsitarioan 18.30etik aurrera, Antequeraren gainetik pasatzeko gertu daude Cabanasen mutilak. Bederatzi puntu pilatuta, sailkapeneko hirugarren postuan daude iruindarrak, Ciudad Real eta Bartzelonaren atzetik. Ezin dute, beraz, puntu gehiagorik galdu nafarrek, are gutxiago etxean.

Partida horretarako Vugrinec eta Dominikovic jokatzeko prest izanen ditu Cabanasek. Aitzitik, Jorgensen, Andorinho eta Kjelling ez dira kantxan izango.

Lan zailak Arraterentzat

Azken hiru neurketetan garaile atera ostean, sailkapen nagusiko hamargarren lekuan dago Arrate, seigarren Octavio Pilotes Posadasekin seina puntura berdinduta. Hala ere, kostatuko zaio bolada on horri eustea, 19.00etan Valladoliden bisita izango baitu Ipuruan.

Lan zailak dituela jakin arren, ez da kikiltzen Viktor Debre eibartarren entrenatzailea eta «ezer galtzekorik» kantxaratuko direla adierazten zuen partidaren aurrekoan.

«Ipurua gotorleku bilakatu behar dugu. Ahalik eta puntu gutxien eraman ditzatela hemendik», esan zuen.

Eibartarrek talde osoa dute jokatzeko gertu, Vladimir Matovic izan ezik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo