Pello Esnal 2007/10/17
Separatistak
EL DIARIO VASCO
Tarteka-marteka iristen zaizkio semeari Bartzelona aldetik aldizkariak, gutunak, iragarki-orriak eta abarrak, helbide dotore eta guzti; hobeto esanda, izen-deitura bitxiz hornituak. Semearen izena -Haritz- zer hizkuntzatan dagoen antzematen ez nonbait eta lehen deitura ere -Esnal- hala moduzko samarra iruditu, eta hor erabakiko zuten, noski, arabiarrak-edo izango direla biak ere. Eta, orduan, arabieraz idatzi behar, ba, bigarren deitura ere, eta hor ipintzen diote, behin eta berriro, Amun da Rain, hiru zatitan, ondo bereizita, ebakita eta separatuta. Gu omen gara separatistak.
Lehengo batean, berriz, hor izan gara Salamancan, betiko txokotik irtenda. Eta hor joan gara asteartez -bisitak doan egiteko egunez- Katedral Zaharra eta Katedral Berria ikustera. Sarrerako gizonezko kopetilun batek gure hizkera-edo entzun du, eta ea nora goazen ordaindu gabe. Atzetik genuen emakume batek erantzun zion poliki: «¿No es el día libre?». Atezain tankerako hark, orduan: «Sí. Pero sólo para españoles». Gu omen gara separatistak. (...).
Eta ibili gara kilometroak eta kilometroak irensten, bateko autobia, besteko pista eta gainerako bide eta kamio zabaletan barrena, sosik ere ordaindu gabe, jo batera eta bestera, Burgos, Lerma, Salamanca (...) eta etxerako itzuleran iritsi gara Briviesca aldera, eta peajea ordaindu behar, isil-isilik eta gizagaixo-gizagaixo. Bai: geu gara separatistak.