GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Arraiz

Gehienetan, tamalez, pertsonen arteko harremana ez da nahikoa izaten gatazkak konpontzeko. Txikiegiak gara pertsonak

Gatazka politikoek pertsona bigarren plano batean uzten dute. Eta gatazkari buruzko gertaerak daudenean, izen-abizenak baino ez ditugu irakurtzen prentsan. Izen-abizenak ala zenbaki hutsak. Ezen askotan zenbakiak baino ez diren esaten, ehunka edo milaka batzuk, izen-abizen edo zenbaki horien atzean dauden pertsonak ahaztuta.

Yehuda Amijail poeta israreldarrak bazuen poema bat horren argigarri. Poeman Jerusalemeko bere etxetik duen ikuspegia azaltzen du. Palestinarren auzoa ikusten du leihotik. Auzoa harresi baten atzean dago. Harresiaren gainean kometa bat ikusten du hegan poetak. Badaki harresiaren bestaldean badela haur palestinar bat kometarekin jolasten. Amijaik dio kometa ikusten duela bai, baina ezinezkoa zaiola haurra ikustea. Harresiak eragozten dio hori, bi herrien artean dagoen harresiak.

Izen-abizenak irakurtzen ditugu prentsan eta aztoratu egiten gara norbait ezaguna aurkitzen badugu zerrendan. Batasuneko kideak kartzelatu zituztela eta izenen artean Hasier Arraiz gasteiztarra zegoen. Jende askorentzat Hasier Batasuneko kidea izango da, besterik gabe. Batzuek nahiko dute hura kartzelatzea, beste batzuk, ordea, haren askatasunaren alde egingo dute lan, ezagutu ere egin gabe. Unibertsitate garaian ezagutu genuen elkar Hasierrek eta biok, Filologia fakultatean. Politikarekin lotuko du gehiengoak Hasier baina baditu beste alderdi batzuk ere, pertsona guztion moduan.

Hasierrek maite du literatura, eta ez hasiera batean pentsa daitekeen moduan, euskal literatura soilik. Hasierrek Latinoamerikako literatura du maite, batez ere, munduaren hegoalde hartan egiten duten literatura ona. Eta bertako liburuei eta idazleei buruz hitz egiten nuen nik Hasierrekin politikaz baino areago. Eta irakurle fina dela erakutsi izan dit adiskidantza urte luze horietan. Bere gustuko egileen artean Roberto Bolaño txiletar idazlea dago, eta haren liburuen artean ``Los detectives salvajes''. Askoren ustez, Latinoamerikako literatura goitik behera aldatu du liburua horrek. Eta Roberto Bolañori irakurri diogu esaten haren aberri bakarra bere bi seme-alabak direla, Lautaro eta Alexandra. Eta irakurri diogu esaten emaztea konkistatu zuela egiten zuen arrozagatik. Arroza mila modutara. Dirurik ez zuen eta garai batean arroza ez zen beste ezer jateko.

Roberto Bolañok ihes egin zuen Pinocheten diktaduratik. Ozta-ozta ihes egin ere. Armadako kapitain batek lagundu zion Txiletik ateratzen. Kapitaina Bolañorekin batera ibili zen txikitan eskolan. Nik neuk ere horrelako harremanetan sinistu izan dut beti, politikan alderdi ezberdinetan dauden pertsonen arteko harremanetan. Eta nahiko nuke gurean ere horrek lagunduko balu. Zubiak apurtuko ez balira eta gatazkari konponbidea emateko pausoak emango balira horrelaxe.

Gehienetan, tamalez, pertsonen arteko harremana ez da nahikoa izaten gatazkak konpontzeko. Txikiegiak gara pertsonak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo