Gerardo Luzuriaga Joana Albret Mintegia
Euskadiko Liburutegien Legea
Euskal lurraldeen arteko loturak kontuan hartuta, eta batez ere hizkuntza bera edukita, ezinbestekoa da arlo honetako proiektuak elkarrekin egiteko aukerak kontuan edukitzea
Liburutegi Legea aurkeztuko da aurki Eusko Legebiltzarrak onartu dezan, Euskal Erkidegoan liburutegiek 1990tik izan duten araudia garatzeko. Lege horrek Euskadiko Liburutegi Sistema nekez planifikatu, antolatu eta sortuko du, alde positibo asko eduki arren. Alde horiek legea indarrean jarri orduko goraipatzeko denbora edukiko dugunez, oraingoz, Liburutegi Sistemaren gabezia batzuek nabarmentzeari ekingo diogu, beti liburutegien legea hobetzeko asmoz.
Duela 17 urte sortu zen Euskadiko Liburutegi Sistema, eta sistema honetatik at zeuden foru aldundietako liburutegi publikoak eta erkidegoko administrazioaren mende ez zeuden liburutegi espezializatuak -Gasteizko Antso Jakituna, La Floridako Foru Liburutegia, Bizkaiko Foru Liburutegia, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka, Koldo Mitxelena, Eusko Ikaskuntzarena...- beren borondatez eta hitzarmenez sartzeko aukera zuten, orain aurkeztuko den legeak egiten duen bezala. Eta denok dakigu zer-nolako sistema liburutegi izan dugun urte hauetan.
Liburutegi publiko guztiek osatu beharko lukete Liburutegi Sistema, horiek kanpoan uztea fundamentu gabeko sistema eratzea dela iruditzen baitzaigu.
Horren harira, Euskadiko Irakurketa Publikoko sarea udal liburutegiek baino ez dute osatuko, gainontzeko liburutegi publikoak hitzarmenen bitartez Euskadiko Irakurketaren sarean parte ahal izateko aukera ematen bada ere. Irakurketa Publikoko Sarea eratuko da, liburutegi publiko guztiek osatzen ez dutena, alegia.
Liburutegien eremuan ez da nahikoa hemen ditugun berezitasunak eta beharrak kontuan hartuko dituen arautegi egokia edukitzea -eta kasu honetan hori ere ez dago bermatuta- legean agertzen diren aurrerapausoak praktikan jar daitezen. Eremu honetan interes asko eta oso desberdinak daude, liburutegi batzuek eredu propioen alde egiten dute eta beste batzuek, aldiz, Espainiako eredu bibliografikoei jarraitzen baitiete.
Ezbairik gabe, lege honek nekez lortuko du eredu propioa ezartzea Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, alde batetik, hemengo liburutegi garrantzitsuenak Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo jarraitzen dutelako, eta bestetik, orain arte egon ez den aldaketarik ez badago behintzat, Espainian indarrean dagoen ereduari jarraituko diotelako.
Eskarmentua badaukagu, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean Euskadiko Liburutegi Sistema sortu zen arren, ezinezkoa egin baitzaigu legean agertzen ziren aurrerapausoak praktikara eramatea. Eta 17 urte joan dira.
Nabarmendu nahi dugu egindako proposamen eta iradokizun guztiak EAEko lurralde-eremuari begira eta planteamendu teknikoetan oinarrituta izan direla.
Baina, euskal kulturari buruz dihardugunez, gainontzeko euskal lurraldeekiko lotura ekonomiko, sozial eta kulturalak kontuan hartuta, eta batez ere hizkuntza bera edukita, ezinbestekoa da arlo honetako proiektuak elkarrekin egiteko aukerak kontuan edukitzea. Eta harrigarria da, zinez, aipatutako 7/1990 legearen 8. artikuluan jarritakoa orain egiten ari den legean ez jasotzea: «Jaurlaritzak, euskal kultur ondarea aldezteko, babesteko eta sustatzeko lagungarrietarako, Nafarroako Foru-Elkartearekin lankidetza-itunak egin eta harremanak izateari bultz egingo dio» (sic).
Oraintxe Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Lege honek kultura, ekonomia, gizarte eta hizkuntza arloan alde komunak dauzkaten lurraldeen artean lankidetzan oinarritutako tresnak eta proiektuak egiteko aukerak bermatu beharko ditu, irizpide teknikoak kontuan izanik profesionalek elkarrekin behar lituzketen baliabideak sor ditzaten.