GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaltzale andana elkartuko da gaur Vianan, «Giltza daukagu» leloaz

Duela 15 urte gertatu bezala, Vianan egingo dute Nafarroa Oinez jaia gaur. Jaialdia 10.00etan hasiko da eta handik aurrera egun osoan 50 ekitaldi inguru izango dira 6,5 kilometroko ibilbidean sakabanatuta.

p025_f02_097x092.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Urtero bezala, aurten ere milaka euskaltzale bilduko dira Vianan gaur egingo den Nafarroa Oinez jaian. Euskal Herri osotik milaka eta milaka ibilgailu bertaratuko dira Erentzun ikastola laguntzeko asmoz. 1992. urtean ikastola berak antolatu zuen jaladia, baina garai horretan ikastolak zituen arazoak eta orain pairatzen dituenak ez dute zerikusirik. Duela 15 urte, ikastolak eraikin handi bat egiteko diru laguntzak behar zituen, eta orain, berriz, matrikulazioa handitu den heinean, zentroa txikia geratu zaie, eta ikasle gazteenak kokatzeko beste eraikuntza baten beharrean daude.

Ekitaldiari dagokionez, antolatzaileek gaur Vianan 100.000 lagun inguru biltzea espero dute. Gaurkoa egun eguzkitsua izango dela iragarri dute, eta horrek pentsa zitekeena baino bisitari gehiago joatea eragin dezake. Nolanahi ere, Vianara joaten direnek ez dute aspertzeko paradarik izango, egun osoan era guztietako ekitaldiak antolatu baitituzte.

Jaialdia 9.00etan hasiko da. Inaugurazioa, ``Vaya Semanita'' ETBko programako aurkezle Andoni Agirregomezkorta izango du protagonista, eta Susan Cortes, ikasle ohiak, eta David Oliban eta Josune Fernandez ikasleek zinta moztuko dute. Horren ostean, 10.30ean hasiko dira lehenengo ekitaldiak. Sei kilometro eta erdiko ibilbidea zazpi festa eremutan zatituta izango da eta, guztira, 50 ekitaldi inguru prestatu dituzte: kontzertuak, umeentzako jolasak, kirolak... Esan bezala, zaila izango da gaur Vianan aspertzea.

Antolatzaileek eremuei ikastolako ikasleen jatorrizko herrien izena jarri diete. Horrela, 1. eta 6. eremuak bereziki umeei zuzenduta daude. Horietan, haurrek pailazoekin, Betizuekin eta gaztelu puzgarriekin primeran pasatzeko aukera izango dute. 2.ean eta 4.ean, berriz, herri kirolak eta folklorea izango dira nagusi. Gainera, ekitaldian Iñaki Perurena harri-jasotzaile famatuak parte hartuko du. Bigarren eremuan, Arasen, 12.00etan herri kirolak izango dira, eta laugarrenean, 16.30ean Erentzun ikastolako trikitilariek emanaldia egingo dute.

Musika eta Cesar Borgia

Urtero bezala, gazteek ere berei zuzendutako eremuak izango dituzte. Aurten, 3. eta 5. eremuetan kontzertu anitz izango dira. Hirugarren eremuan, Moretan, 12.00etan Banda Batxoki rock taldeak kontzertua emango du, eta Ioarren, 14.30ean, bisitariek Idi Bihotz taldea agertokiaren gainean ikusteko aukera izango dute.

Zazpigarren eremuan, Vianako hiriarekin harreman estua izan zuen idazleari,Cesar Borgiari, omenaldia egingo diote, aurten haren heriotzaren 500. urteurrena gogoratzeko. Horretaz gain, 12.3oetan 1978an Erentxun ikastola sortu zuten euskaltzaleei ere omenaldi berezia eskainiko diete.

2.000 boluntario

Nafarroa Oinez jaialdia aurrera eramatea ezinezkoa izango litzateke musutruk lan egiten duten boluntarioen laguntzarik gabe. Gaur, 2.000 boluntariok lan egindo dute Vianan.

eskumuturrekoak

Joan den urtean Beran egin zuten bezala, aurten ere gurasoek haurrei jartzeko eskumuterrekoak eskuragai izango dituzte. Hala, umeak galduz gero, errazago aurkitu ahal izango dituzte.

zirkulazioa

Egun osoan, 8.00etatik 20.00etara Foruzaingoak ibilgailuen zirkulazioa arautuko du. Araseko eta Moredako errepidean eta N-111 errepide zaharrean trafikoa arautuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo