Kurriloak, hip-hop... eta elkartasun mezu ugari pobreziaren kontra
Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan ekitaldiak egin zituzten Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak eta Zero Pobrezia Plataformak.
GARA | IRUÑEA
Paperezko kurriloak egiteak zorte ona erakartzen du japoniar tradizioaren arabera. Nafarroako Zero Pobrezia Plataformak pobrezia erauzteko munduan egiten den borrokaren ikur diren paperezko kurriloak egiteko gonbita egin zien atzo eguerdian Iruñeko Gaztelu plazan bildu zirenei. Halere, ekitaldi sinboliko hori ez zen izan Pobre- ziaren aurkako Egunean Nafarroan egin zuten bakarra. Tuteran eta Lizarran ere, pobreziari aurre egiteko deia egin zuten.
Euskal Herriko hainbat hiriburutan egin zituzten ekimenak. «Eman aurpegia pobreziari» lemarekin, manifestazioa burutu zuten Donostian, esate baterako. Gasteizen, EAEko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak Posta plaza aukeratu zuen atzoko ekitaldiak egiteko. Bertan, capoeira eta hip hop erakustaldiak izan ziren, besteren artean. Bilbori dagokionez, Arriaga Plaza izan zen pobreziaren aurkako mezuak zabaltzeko agertokia. Agiriaren irakurketaz gain, bestelako ekitaldiak egin zituzten ere, hala nola erakusketa bat eta pobreziaren aurka aritzen diren kolektiboen jolasak ere.
«Ez dago aitzakiarik»
Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunean ekitaldietan irakurri zuten agiria esaldi horretatik abiatzen da, hots, pobreziaren aurka «ez dago aitzakiarik». Izan ere, agirian gogorarazten duten bezala, 2000. urtean gobernuek «hitza eman zuten ekintza batzuk egingo zituztela 2015 urterako pobrezia mundutik erauziteko». Epe horren erdira iritsi denean, helburu horiek lortzea urrun dago, are gehiago, «oraingo martxan, helburuetako batzuk ezingo dira bete XXI. mende osoan ere».
Hori dela-eta, munduan hedatuta dagoen pobreziari aurre egiteko eta pobreekiko elkartasunez lan egiten duten erakundeek «borroka aktiboa» eskatzen dute.
Horretaz gain, borro- ka hori eraginkorrago egiteko, neurri zehatzak ere proposatzen dituzte, besteren artean, gizarte politiketan gehiago inbertitzea; emakumeek lan munduan parte hartzeko baliabide gehiago jartzea; mediku zerbitzuen eskasia amaitzea; estatu pobretuenek sendagai generikoak erabili ahal izatea eta isurtze kutsako- rren kontra neurri zorrotzagoak ezartzea.
Baina neurri orokorrak ere eskatzen dituzte Gobernuz Kanpoko Erakundeek: «Exijitzen dugu munduko 62 herrialde po- breenei kanpo zorra erabat kentzea; exijitzen dugu herrialde aberatsek eta herrialde horietako enpresa handiek ez dezatela eragotzi herrialde pobreenen barne garapena», esaten du atzoko ekitaldietan irakurritako agiriak.