Txapeldunen Ligako Finala
Aizkorak egun erregerik badu, hori Floren Nazabal da
Atzetik aurrera egin, eta iraupen luzeko proban hartu zuen aurrea Etxarrikoak eta erraz gailendu zitzaien finaleko aurkari Arrospide, Larretxea eta Arria V.ari
GARA | ALTSASU
Aizkorak gaur egun erregerik baldin badu, Floren Nazabal da hori. Aizkora Ligako Txapeldunen final nagusia jokatu zuten atzo Altsasun eta nabarmena izan zen Etxarrikoak ezarritako nagusitasuna. Atzetik aurrera, lan burutsua egin, eta erraz gailendu zitzaien Arrospideri, Larretxeari eta Arria V.ari.
Bi astetan Nafarroako eta Euskal Herrikoa txapeldun gisa egiaztatzen duten txapelak eskuratu ostean, beste bi lortu zituen atzokoan. Alde batetik, ligan lehenengo izateagatik zegokion txapela jantziko zuen aizkolari nafarrak. Alabaina, Altsasuko hitzorduak garrantzia berezia zuen eta ezin zuen hutsik egin, bera baitzen faborito.
Lasai hasi bazen ere, iraupen luzeko proban -bi kana-erdiko eta beste bi 60 ontzako erdibitu beharrekoan, alegia- bere maila ezarri zuen Nazabalek eta aurkariei ez zien ezta arnasarik ere hartzen laga. Minututik gorako aldea atera zion bigarren amaitu zuenari, Arrospideri, eta bi minutu, aldiz, Donato Larretxeari -aurkari gogorrena behar zuen Aranazkoak, baina gerriak huts egin zion iraupen apur bat izan zuenean-. Azkenik, aipagarria da Xabier Orbegozo «Arria V.ak» nahiko egun eskasa izan zuela atzokoan, frogarik azkarrenetan batik bat. Hala, Nazabalek lau minututik gora kendu zion Errezildarrari azken sailkapenean eta azken sailkatua izan zen.
Larretxearen joa
Ikusteke zegoen zenbateraino estutuko zuten Nazabalen aurkariek Etxarriko aizkolaria. Larretxearen joa betidanik izan da nabarmena eta aurreneko probetan bere lana hartu behar da kontuan.
Esaterako, 45 ontzako enborra 39 segundotan erdibitu zuen. Arrospide eta Nazabal, aldiz, 50 segundoren bueltan ibili ziren eta Arria V., ordea, 55 segundotan, laugarren.
Arrospidek ere maila polita erakutsi zuen eta bere ohiko erregulartasunari eutsi zion. Leaburukoak kolpe txarrik ez zuen eman eta oraindik gai badela argi utzi zuen. Hala ere, azkenengo proban arnasa dezente berotu zitzaion eta ezin izan zion aurkari gazteagoen erritmoari eutsi. Bigarren lekuaz konformatu behar.
Aspaldion ez dauka ingurura hurbilduko zaion aurkaririk Nazabalek. Nafarroako eta Euskal Herriko txapelduna zen alde batetik, eta atzo Altsasun, berriz, Ligako eta finaleko txapeldun ere bilakatu zen.
Bina kana-erdiko eta 60 ontzako proban, azkenengoan alegia, atera zuen abantaila Floren Nazabalek. Etxarriko aizkolariaren atzetik, Anjel Arrospide, Donato Larretxea eta Arria V.a sailkatu ziren hurrenez hurren.
Pozarren zen Floren Nazabal beste txapel honekin. Irribarrea ezpainetan, aurreneko lau probetan «eustea» zuela buruan aitortu zuen, bosgarren eta azkenean «erabakitzeko».
«Banekien lehenengo saioetan eutsi beharra nuela; horixe zen nire lana. Izan ere, jakina zen azken probara ongi helduz gero, abantaila atera nezakeela. Azkenengoan ongi aritu naiz eta hala erabaki dut. Pozik nago egin dudan urtearekin, baina ez da erraza izango beste halako bat egitea», esan zuen.
G.