Hirugarren garaipenaren bila
Abiadura egokia hartu nahi dute Manresaren kontura
Juan Alberto Espilen Manresa igoberria jasoko dute Zurbaoko pabiloian
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Ostegunean hasiko da Euroliga eta aurretik pieza guztiak ondo uztartu eta abiadura egokia hartu nahi du Neven Spahijaren Baskonia berriak, igo berria den Manresaren kontura (12.30 ETB-1). Real Madril etxean egurtu eta Fuenlabradaren aurka gehiago sufritu ostean, hirugarren garaipena eskuratzeaz gain, fitxaketa berriak, batez ere Will McDonald eta Simas Jasaitis, talde egiturara moldatzea izango dute helburu gasteiztarrek.
Baskonian aritutako Juan Alberto Espil beteranoa gidari dutela, katalanak itxura ona ematen ari dira denboraldi hasiera honetan, etxean jokatutako bi partidak irabazita eta Pamesaren etxean irabazteko aukerak izanda.
«Ondo prestatuta»
Datozen bi asteetan Linton Johnsonen baja izan arren, Neven Spahijak taldea «lehiatzeko prest» ikusten du. «Hemendik aurrera astean, igande eta ostegunetan jokatu behar izango dugu, eta azkenean berdin dizu noren aurka jokatu, aurkari guztiak oso indartsuak direlako. Manresak oso ondo ekin dio denboraldiari eta lanak emango dizkigu», adierazi zuen entrenatzaile kroaziarrak.
Jasaitis, denboraldi honetarako egindako fitxatze garrantzitsuenetako bat izan da, baina Fuenlabradako partidaren ostean, lituaniarra «krisian» dagoela adierazi zuen Spahijak eta berak ondo baino hobeto ezagutzen du. «Tau talde handia da eta ezin dira halako gauzak gertatu. Dena dela, talde ona eta orekatua dugu eta ezin zaio garrantzi handirik eman jokalari bat sasoian ez egoteari, oso zaila baita jokalari guztiak ondo egotea».
Partidaren inguruan, Spahijak defentsan ondo aritzea oso garrantzitsua izango dela adierazi zuen. «Erasoan ondo aritu nahi dugu, noski, baina askotan gauzak ez dira batek nahi bezala irteten eta horietan partidak aurrera ateratzeko defentsan hortzak hestuta behar izaten da», adierazi zuen Maccabitik etorritako entrenatzaileak.