Lombardiako Giroa
Damiano Cunegok italiarren hegemonia luzatu zuen
Samuel Sanchez hirugarrena izan zen eta Cadel Evansek UCI ProTourreko sailkapena eskuratu zuen
GARA | COMO
Italiarra eta italiarrentzat. Damiano Cunegok azzurrien hegemonia luzatu zuen Lombardiako Giroan, Comon bigarren garaipena eskuratuta.
Denboraldi luzea ixten duen lasterketa izan arren, bizitasunez korritu zituen pelotoiak Varese eta Comoren arteko 242 kilometroak. Ezkutariek hasieran eta liderrek ondoren, emozioa sortu zuten azken mendatetxoan erabaki zuten lasterketan.
Eguna hasi bezain laster, zazpikote batek aurrera egin zuen. Bertan Alan Perez zegoen, baita Matteo Tosatto ere, Ghisalloren buruan bakarrik geratu zena. Taldekidea ondo, baina liderra, berriz, ez. Bere hirugarren garaipena lortzeko faborito zen Paolo Bettinik baina arazoak zituen atzean eta CSCk erritmo bizia jartzeko baliatu zituen, aldapak agertu zirenean.
Haien lana emaitza bikoitza izan zuen: ihesaldi baten amaiera eta beste baten hasiera. Gizon indartsuez beteta, Lombardiako Giroa erabakitzeko kilometroetan baitzegoen. Franck Schlecek, Riccardo Riccok, Damiano Cunegok eta Cadel Evansek burua hartu zuten. Oraindik handitu behar zen burua, azken-aurreko jaitsiera aprobetxatuta, beste hainbat gizon, Samuel Sanchezek gidatuta, agertu ziren garaipena bilatzeko prest.
Horiek hala, San Fermoren igoerak erabaki zuen azkenean lasterketa. Igor Antonek erritmo bizia jarri zuen eta lehen desertzioak eragin zituen, baina Damiano Cunegok azken erasoa jo zuenean, Riccardo Riccok bakarrik jarraitu ahal izan zion.
Bien arteko sprinta Lampreko txirrindulariak eskuratu zuen eta, hala, 2004. urteko garaipena errepikatu zuen. Atzetik, Samuel Sanchezek taldearen lana ontzat eman, eta hirugarren postua eskuratu zuen. Berarekin batera, gainerako gizon indartsuak helmugaratu ziren, haien artean UCI ProTourreko sailkapena irabazi duena, Cadel Evans.
Montjuiceko Igoera
UCI ProTourreko azken lasterketa Lombardiako Giroa izan arren, Montjuiceko Igoerak jarriko dio azken puntua gaur denboraldiari.
Faboritoen artean, Euskaltel- Euskadiko liderrak daude, Bartzelonako lasterketa irabaztea zer den badakitelako eta, batez ere, oso egoera onean daudelako, atzo Italian erakutsi zuten bezala. Horiekin batera, Sastre, Joaquin Rodriguez, Juan Antonio Flecha edota Jose Angel Gomez Marchante txirrindulariak arituko dira.
Lasterketak bi zati izango ditu. Goizez, 24'4 kilometroko ibilbidea Montjuiceko Gaztelura bost igoera duena; eta arratsaldez, hamar kilometroko erlojupekoa ¯txirrindulariek hemen ere bi aldiz igo beharko dute Gaztelura¯.