GARA > Idatzia > Kultura

Aurreko urteetako uztaren alerik onenak batu nahi ditu aurten Musiketan zikloak

Musiketan zikloaren hamabosgarren edizioa egingo dute aurten Bilboko Euskalduna jauregian. Ibilbide luze eta oparoko artistak elkartuko dira bertan, bakarka zein bikoteka. Gehiago edo gutxiagotan, musikari guztiek jo izan dute inoiz zikloan. Elliot Murphyk, esaterako, hamalaugarrenez joko du eta, jada, bigarren etxea du bertako oholtza.

p054_f01_152x108.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Euskalduna jauregiak berriro elkartuko ditu folk eta sustraidun rock zaleak, hamabosgarrenez egingo den Musiketan ziklo sendoaren barruan, gaur hasi eta datorren maiatza bitarte. Aurten, aurreko urteetan nabarmendutako artistak itzuliko dira, sorpresarik ezean maila bikaina dakarren oholtzara.

Orain lau hamarkada hasi zen John zaharra gitarra jotzen, Londres inguruko folk aretoetan. 1965an lehen diskoa egin eta 1998ko «The Traveller´s Prayer» du azkena. Italian, zuzenekoa grabatu zuen iaz. Azkenaldian ohi duenez, Jacqui McShee lagunarekin etorriko da Pentangle ohia, folk barrokoaren maisua.

Bakarka egin zuen debuta edinburgoarrak Musiketan zikloan. Harrezkero, Aly Bainen arrabitarekin etorri da eta etorriko da aurten Silly Wizardeko partaide izandakoa. Bikotean, lau lan plazaratu dituzte, «Spring The Summer Long» eta 2004ko bilduma, azkenak.

Mike Tickellen alaba bigarrenez da Euskalduna jauregian. Northumbrian gaita-jotzaile, Andy Sheppard jazz saxo-jotzailearekin, Sting edo The Chieftainsekin jo du eta «Instrumental» du azken lana, azkar hasi zuen ibilbideko hamabosgarrena.

Jose Luis Montonen gitarra flamenkoarekin dator armeniar jatorriko libanoarra. Garaikideak ez ezik, lan klasikoak jo ohi ditu, bakarka zein orkestrarekin. Almodovarren «La Mala Educacion» filmeko musikan ere parte hartu du. «Meeting with a Friend» grabatu du Non-Profit kamera orkestrarekin.

Egun Parisen bizi den laguna da Murphy. Urtero etorri ohi da Bilbora, aretoa betetzera. Hamalaugarrenez ere saiatuko da, Olivier Durand frantziarrarekin batera, bikotean gitarra joz eta rock akustiko grinatsua eginez. Kantagile nekaezin, hogeita hamar diskotik gora eman ditu.

Beefheart´s Magic Bandekin jo eta ibilbide luzeko gitarra jotzaile, gazte zendutako Jeff Buckley kantariaren «Grace» lan hunkigarrian gitarra jo eta bi kanta sortu zituen Jeffekin batera. Patti Smith, Damo Suzuki eta abarrekin jo du. Chris Cornellen «Carry On» du azken elkarlana.

Balada tradizionalak eta sorkuntza berriak uztartzen ditu Kate Rusbyk freskotasunez eta istorio ederrak landu kantuetan. Musikari familia bateko kide, folk alai eta ederra darabil «hegan egin ezin zuen neska» sortu ostean, aurtengo irailean «Awkward Annie», zortzigarrena, plazaratu duen neskato ingelesaren gitarrak.

Bluesak bizi du Louisiana Red alabamarra. Hogei urte alemaniartuta bizi ostean, Estatu Batuetara bueltatu da musikari erraldoia. Mende erdiko ibilbidea darama bizkarrean, tartean B.B. King edo Muddy Watersekin batera egindako jam session-ak. 2005eko «No Turn on Red» du azken lana, eta bigarren aukera gurean, 95ean jo ostean.

Hiru urte baino ez zituela hasi zen piano ikasketak egiten Aki Takase japoniarra eta oraindik ez da aspertu antza. Bikote eta hirukote bitxietan parte hartu du, sarri jazz musikariekin. 1979an Alemanian egin zuen debuta. Arrakasta lortu eta irakasle ere ibili da bertan. Urte oparoa du bizi duguna, hiru lan ekoiztu baititu, Osakan jaio eta Tokion hezitako pianistak.

Chacarera, chamame, tangoa eta beste, Hegoamerikako folk doinuetan du iturria Dolores Sola eta Acho Estol buru dituen La Chicana argentinar seikoteak. Tartean Ray Herediaren «Lo bueno y lo malo» kantaren bertsioa gordetzen duen «Lejos» dute laugarren eta azken lana, aurten plazaratua.

«Only a Woman Heart» kantuarekin uztartuta dago beti Eleanor McEvoy. Alta bada, hit arrakastatsu horren egileak urte asko daramatza errepidean eta eroso dabil oholtza gainean. Multi instrumentista trebe, «Lau Teilatu» euskaraz abesteko ausardia erakutsi zuen iaz Bilbon eta Markinan. Aurten, hirugarren lana hurbilduko digu, «Out There».

A zer parea, honakoan elkartu zaiguna. Bakarka bizpahiru aldiz etorriak dira Euskaldunara, bluesman britaniarrak. The Notting Hillbillies taldeko kide izan ziren, Mark Knopflerrekin batera. Gitarra jotzaile bikainak dira biak ala biak, eta bitxikeri gisa aipatu, gitarra bilduma ederra omen du lehenak.

Britaniako talde progresiboko sortzaile, aurten Jazzaldia izan genuen Peter Hammill, taldekideekin batera. Taldea desegin zutenerako plazaratuak zituen zazpi lan bakarka. Hainbat diziplinatan eta artista andanarekin lan egindakoa da; maite du berrikuntza eta bere lanen kontrol artistiko osoa izatea. «Singularity» (2006) du azken lana.

Hamairu artista eskarmentudunen musikaz gozatzeko parada ederra eskaintzen digu, beraz, zikloak. Zuzenekoak, ohi duten legez, igandeetan izango dira, hamabostean behin, seirehun lagun inguru hartzen duen aretoan. Zortzi eta erdietan hasiko dira eta sarrerek 11 euro balio dute.

ASPALDIKO LAGUNAK

Hamabosgarren edizioa du honakoa Musiketan zikloak, eta ezagunak ditu aurkezten dituen musikariak, aurreko urteetan zuzeneko zirraragarriak eskaini eta nabarmendu diren eskarmentu handiko artista trebeak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo