GARA > Idatzia > Kultura

Hysteria: emakumeak beren buruaz solasean hasten direnekoa

Brasilgo Grupo XIX antzerki taldeak, histeriari buruzko lana sortu du. Bertan, aktore emakumeak ikusle emakumeekin solasean dabiltza. Gizonek begiratu dezakete bakarrik, eta inolaz ere solasaldian parte hartu.

p057_f02.jpg

Eneritz ZABALLETA| BAIONA

Hysteria antzezlanean, XIX. mendean emakumeak jotzen omen zituen eritasun psikologiari buruzko hausnarketa egiten du Grupo XIX konpainia brasildarrak. Garaiko artxiboetan sartu ondoren, emakumea jotzen omen zuen eritasunetik abiatuta, aktoreek emazteei eman nahi diete hitza.

Baionako Translatines jaialdiaren denboran, ostiralean eta atzo jokatu zuten pieza Grupo XIX taldekoek. Bi emanaldi urririk, Baionako Herriko Etxeko areto nagusian. Aktoreen helburua, ez da eszenak sortzen duen «aktore-ikusle» distantzia hori sortzea. Hurbiltasuna xedatzen du lanak. XIX. mendetik, emazte artean histeria zer den, histeriak emakumea nola berezko bihurtzen duen, talde komun bilakatzen duen... aztertzea, eta galdera horien inguruan eztabaidatzea da.

Gizonak ikusle hutsak

Ikusgarriaren berezitasun bat, haren parte-hartzeko kutsua da. Izan ere, emakume ikusleei hitza ematen diete Hysteriako bost aktore brasildarrek. Emakumeen arteko feedback bat izan nahi du brasildarren antzezlanak. Borondate horrek, antzezlanaren eszena antolaketa zuzenean baldintzatu du. Ikusle gizonak, bazter batera eramanak dira. Ez dute parte hartzeko eskubiderik. Ikusi dezakete soilik. Isilik ikusi. Honakoa, emakumeak gizonetatik bereizi egiten dituzten hainbat pertzepziori buruz mintzatzeko unea da. Gizona soberan dago, emakumeak emakume egiten dituen autonomia horretan. Antzezlana hasi baino lehen, selekzio bat dago ikusleen artean. Obraren partaide, aktore, izanen direnak, alde batetik. Emazteen arteko elkar truke horren testigu hutsak izanen direnak bestaldetik.

Gizonezkoen ikuspegia

«Antzezlan horretatik emakumeak gu bezalakoak ez direla aurpegira jasoz ateratzen gara. Emakume bat ez da gizon bat. Ez du berdin pentsatzen. Ez du berdin sentitzen. Desberdin antolatuta dago bizitzeko, izateko, moldean. Aurretik bagenekien hori, baina antzezlanetik emakumeak duen autonomia indar handiz sentituz ateratzen gara». Jean Marie Broucaret, Translatines jaialdiko zuzendariak, Hysteria lanak gizonak emakumeei buruz duten ikuspegian sortzen duen eragina laburbiltzen digu hemen.

Paradoxikoa da Hysteria antzezlana gizonontzat. Aldi berean hurbila eta urruna. Eszena antolaketak, oholtzaren desagertzeak, eta aktore eta ikusleen arteko parte-hartzeak, izugarri hurbileko bihurtzen dute brasildarren lana. Baina une berean, emakumeen arteko eztabaida batean egoteak urruntzen dute ikusle gizona. Gertatzen diren solasaldiak ulertu ahal izateko, emakumeek bezala sentitu, pentsatu... bi hitzez, funtzionatu behar dela sentitzeak urruntzen du gizona. Gizonaren maskulinitateak, emakume arteko dema horretan kanpotar sentiarazten du gizona. Paradoxa horretan datza Hysteriaren berezitasun, eta aldi berean, xarma guztia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo