GARA > Idatzia > Musika

Ahozkotasunaren indarra. Entzuten ikasi

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari eta

musika adiktoa

Musika gustu kontua dela esan izan dugu. Musika ulertzeko garaian, ordea, desberdintasun handiak daude herrialdeen (edo gizarte ereduaren) arabera. Europa «aberatsean» aisialdia eta denbora librea betetzeko zerbait izan ohi da, jostagarri eta ondo pasatzeko lagungarria. Afrikar kontinenteko gizarteetan, berriz, eremu hori gainditzen du; musika festa eta ospakizunaren parte garrantzitsua da, jakina, baina Afrikan, musika heziketaren eta baloreen transmisiorako ezinbestekoa da. Afrikako herrialdeen kultura ahozkotasunean oinarrituta dago eta musikak izugarrizko erakargarritasuna ematen dio mezuari. Musika da Afrikako lehenengo hizkuntza. Hizkuntza unibertsala da eta hizkuntza horren bidez zabaltzen dituzte mezuak, baita nazioartera ere. Europarrek afrikarren mezuak musikaren bitartez jasotzen ditugu gehienbat; jaso bai, baina entzun ez. Europarrek ez diegu inoiz afrikarrei hitza eman. Afrikar lurraldeak ustiatu eta bertako aberastasunak lapurtu ditugu eta afrikarrak langile merke bezala erabili ditugu. Orain, berriz, afrikar gaixoak «laguntzera» goaz. Kolonizazio garaian afrikar «basatiei» zibilizazioa eta erlijio zintzoak eraman genizkien, bide zuzena erakutsi genien. Ondoren, guk erakutsitakoa ondo ikasi zuten buruzagi afrikarrak jarri genituen agintean. Eta orain, miseria eta pobreziatik ateratzen «lagunduko» dieten erakundeak bidaltzen ditugu. Giza laguntza eta hazi transgenikoak non-nahi. «Salbatzaile» gara, baina afrikarrak entzun gabe jarraitzen dugu. Musika da afrikarren lehenengo hizkuntza. Musikaren bidez afrikarrek mezuak zabaltzen dizkiote munduari. Afrikar kultura ahozkotasunaren bidez zabaldu eta mantendu da. Afrikarra entzutera ohituta dago. Ez du irakurtzen, entzun egiten du. Erritmoarekin entzun eta hitz egiten da Afrikan; horregatik dute horren barneratuta. Melodia bera edukita ere, kantu bera modu desberdinean ulertzen dugu. Europan, musika entzuteari utzi diogu. Haur eta gazte kontua omen da hori. Agian autoan gaudela, irratia piztuta dugula, kanturen bat jarriko dute tarteka, betegarri moduan. Tabernetan gaudela giro musika edukiko dute agian, atzealdean galdurik. Eta etxean, telebista jarriko dugu, irudiaren magiak harrapaturik. Zer mezu dute gehien entzuten diren kantu arrakastatsuek? Zertaz ari dira? Gizarte hutsa bilatzen duen ideologiaren menpeko, agian? Izokinei eskerrak.

 


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo