GARA > Idatzia > Editoriala

Etorkinen esplotazioari aurre egiteko garaia

Aste honetan Sestaon etorkinen esplotazioa agerian geratu da berriro ere. CCOO sindikatuak jarri zuen salaketaren ondorioz, astelehenean Lan Ikuskaritzak eta Polizia Nazional espainolak egindako operazioak egiaztatu egin zuen herri hartako Decoval SL pintura enpresan hamar langiletik bakar batek ere ez zuela kontraturik, eta haietatik gutxienez bost agiririk ez zuten kolonbiarrak zirela, eta hargatik, esplotatuak.

Azken hau, zoritxarrez, ez da esplotazio nabarmeneko kasu bakana, ezta etorkinen esplotazio kasu bakarra ere. Jakina da, eskrupulurik gabeko enpresariak badirela; horiek ahalik eta etekinik mardulena lortzea dute helburu eta hartarako gizarteko pertsonarik ahulenez, babesgabeenez, baliatzen dira. Baina enpresari horien jokaera eskas hori indarreko legeek errazten dute. Izan ere, Immigrazio Legea, guztiz murriztailea izateaz gain, etorkinek lan egitea uzten du, haien egoera legala erregulatu gabe, ordea. Egoera zentzugabe horretan, etorkinak ez dira ausartzen beren esplotazio kasuak eta oro har eskubide urraketak salatzen, hala eginez gero ez baitute agiri legalik lortuko gutxienez 10 hilabetean, lortzen dituztenean behinik behin. Esanguratsua da Lan Ikuskaritzak eta Poliziak operazioa egin zutenean agiririk ez zuten langileak atxilotu eta enpresaburua hurrengo egunerako deitu izana, deliturik handiena «paperik» ez izatea balitz bezala. Horrek nabarmen uzten du Legearen eta, beraz, legegileen kezka nagusia.

Hau ez da, ez, kasu bakana, eta gizarteak elkartasunari dagokionez, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia delako kontzientzia hartu beharko luke. Lantegietan gertatzen diren esplotazio egoera negargarri horiek, langileen elkartasuna eskatzen dute bereziki; sindikatuek, beraz, adi egon behar dute, horrelako kasuei beren elkartasuna eta babes osoa agertzeko, egoera horiek salatu eta saihesteko, eskrupulurik gabeko enpresaburuen kontra eta legeak gorabehera; batez ere ahulenen eskubideak modu nabarmenean, haien ahultasuna baliatuz hain zuzen, urratzen dituztenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo